Holandako enpresek Petronor bisitatu dute

Petronor bisitatu duten Herbehereetako enpresetako kideak
Holandako enpresa talde bat etorri da Petronorrek EICn dituen instalazioetara Hidrogenoaren Euskal Korridorearen aurrerapenak eta Holandarekin duen lankidetza ezagutzera. Horrez gain, abiazioaren deskarbonizazioaren erronkari erantzunez garatu diren erregai jasangarriei buruzko saio batean parte hartu dute. Hitzordua Holandako enbaxadak koordinatu du “Green Hydrogen Program” delakoaren kariaz, eta horren barruan antolatu da Petronorren instalazioetarako bisita.

Ez da hau Holandarekin antolatu den lehen topaketa, izan ere, duela hilabete pare bat, Amsterdamgo eta Bilboko portuek, konpainia energetiko batzuekin batera, Petronor barne, Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu zuten, Bilbo eta Amsterdamen artean hidrogeno berriztagarriaren korridore bat garatzeko indarrak batzeko.

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko CEOaren albokoaren hitzetan, “egungo mundu interkonektatu honetan, funtsezkoa da indarrak batu eta elkarrekin lan egitea elkarren arteko helburu baten alde: Europa sendo eta jasangarria lortzea. Guretzat, akordio hau ez da merkataritza-elkarte hutsa, Europako gizarte eta hazkundearen aldeko etorkizuneko konpromisoa baizik”.

Roel Nieuwenkamp Herbehereetako enbaxadoreak nabarmendu duenez, “Herbehereak gogotik ari dira lanean hidrogeno berdearen hedapenerako esparru argia sortzeko. Horren garapena oso garrantzitsua da Europa erresilienteagoa izan dadin eta energia-mendekotasun txikiagoa izan dezan. Lankidetza honen helburuko industria-sektore nagusietakoa abiazioa da. Amsterdamgo portuak lotura zuzena du Europako aireporturik handienetako batekin: Amsterdameko Schiphol aireportua. Abiazioak erronka garrantzitsua gainditu behar du deskarbonizazioa lortzeko eta hidrogeno berdea eta SAFak garrantzi handiko laguntza izan daitezke horretarako”.

Abiazioak munduko CO2 isurketen % 3 eragiten du urtean. Aipatutako erregaiak hegazkinen karbono-isurpenak murrizteko aukera bakarrenetakoak dira. Hori dela eta, Herbehereek eta Espainiak erregai fosilen ordez erregai jasangarriak erabiltzea nahi dute 2050erako.