Petronorren 10 MWeko elektrolizagailuak 44 milioi euroko inbertsioa ekarriko du 

10 MW-ko electrolizagailua
Petronor urrats sendoak ematen ari da Bilboko Portuan instalatuko den 10 MWeko elektrolizagailua martxan jartzeko.

 Proiektua Petronor buru duen Basque Hydrogen elkartearen bitartez garatzen ari da, eta bazkide hauek ditu elektrolizagailuaren eraikuntza eta eragiketarako: EEE (% 24,5) eta Enagás Renovables (% 24,5). Elektrolizagailu honen helburu nagusia, Bilboko Portuan ere eraikitzen ari den eta Petronorrekin batera Aramco Europe bazkide duen erregai sintetikoen (E-Fuels) demo instalazioa hidrogeno eta oxigeno berriztagarriz hornitzea da. Era berean, hidrogeno berriztagarriaren soberakina Petronorri banatu ahal izango dio, Bilboko Portua eta findegia lotuko dituen hodi baten bidez, eta etorkizunean, portuaren inguruko beste industria-bezero batzuei hidrogenoa eta oxigenoa hornitzeko aukera aztertuko da. 

Elektrolizagailuaren horniketarako, lehiaketa bat zabaldu eta Sunfire enpresa alemaniarrari esleitu zaio, eta proiektuaren ingeniaritza Technip enpresak garatuko du, Repsoleko ingeniaritza-zuzendaritzak gainbegiratuta. 

Proiektua eraikuntza-fasean dago une honetan. Uda baino lehen, ekipoak Bilbora iritsi eta muntatzen hasiko dira, sei hilabete inguruko lana osatuz. 2026ko lehen seihilekoan martxan jartzea aurreikusi da, instalazioa elikatzeko linea elektrikoa energizatzen amaitu ondoren. 

Finantzen ikuspegitik, hidrogeno berriztagarriaren arloko Iberiar Penintsulako lehen project finance-a sinatu da BBVA eta Kutxabankekin. Proiektu honek garapenean laguntzeko funtsak lortu ditu ERHA PERTEren Pioneros programaren eta Eusko Jaurlaritzaren INDARTU programaren bitartez.