Mikel Torres, Petronorren bisitari

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Petronorreko findegia bisitatu du gaur, Basque Hydrogenek Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoan dagoen EIC-Energy Intelligence Centerren antolatutako Prozesu Jarraituko Lantegiko Operadorea izateko ikastaroaren aurkezpenean egon ondoren.

Goizean goiz, Petronor, Basque Hydrogen eta Somorrostro Prestakuntza Zentroaren ordezkariek Prozesu Jarraituko Lantegiko Operadorea izateko ikastaroa aurkeztu dute, hainbat espezialitatetako goi-mailako prestakuntza-zikloko titulazioa izan eta Lanbiden inskribatuta dauden 25 pertsonari zuzenduta.

Basque Hydrogenek ingurunea eta industria deskarbonizatzeko abian dituen ekimenetan parte hartzearren, prestakuntza egin duten 25 ikasleak Petronorren erregai sintetikoen ekoizpen-lantegia eta 10 MWeko elektrolizagailua eraiki eta martxan jarriko dituzten profesionalen kolektiboko kide bihurtuko dira.

Ikastaroaren aurkezpenean, Mikel Torres lehendakariordeak zorionak eman dizkie prestakuntza jaso dutenei eta kualifikazio handiko gaikuntza erraztu eta 25 ikasleak lan-merkatuan sartuko dituen ekimen publiko-pribatu honetan parte hartu duten guzti-guztiei. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak nabarmendu duenez, “ekintza honen onurak euskal gizarte osora zabalduko dira, izan ere, ikasle hauen lanak bizi garen ingurunea eta etorkizunerako nahi dugun industria deskarbonizatzen lagunduko du”.

“Atsegin handia da gure Sailarentzat eta Lanbiderentzat proiektu estrategiko honetan lagundu eta parte hartzea, esku artean darabilgun trantsizio hirukoitzarekin (energetiko-klimatikoa, teknologiko-digitala eta demografikoa) lerrokatuta eta ekonomiaren sektore desberdinekin lotuta abian dauzkagun enplegu-programa guztiekin bultzatuta”.

Aurkezpenaren ondoren, lehendakariordea Muskizera joan da, Petronorrek abian dituen deskarbonizazio arloko proiektu berriak zein 2050ean zero isurpen garbi lortzeko jarraitu beharreko estrategiak ezagutzeko, Jose Ignacio Zudaire Petronorreko CEOaren albokoaren eta Manu Nuñez Petronor Innovacióneko zuzendariaren eskutik. Azkenik, 2,5 MWeko elektrolizagailua bisitatu dute, Euskadin hidrogeno berriztagarria sortzen duen lehena.

Prozesu Jarraituko Lantegiko Operadorea izateko ikastaroan parte hartuz, Petronorrek indartu egin du etorkizuneko industrian parte hartuko duten talentu berriak prestatzeko konpromisoa. Horrela, proiektu profesionalen bitartez, ingurunea eta industria deskarbonizatzen lagunduko duten teknologia eta sistema berriak ezagutzeko aukera eskaintzen zaie ikasleei lan-bizitzaren hasieratik.