Petronor, Europan erreferentea den erregai berriztagarrien Hub berriaren buru

Gaur goizean, apirilak 23, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Petronor buru duen erregai berriztagarrien hub berria aurkeztu dute.

Ekimen hau Euskadi 2030 Industria Planean jasotako laugarren proiektu eraldatzailea da, eta Euskadin erregai berriztagarrien garapena bultzatzeko dauden gaitasun teknologikoak, industrialak eta zientifikoak egituratuko ditu.

Hub berria Energy Intelligence Centerren (EIC) kokatuko da, eta erregai sintetikoei, bioerregai aurreratuei, CO2aren inguruko teknologiei eta hidrogeno berriztagarriari lotutako giltzarrizko teknologiak garatu eta ezarriko ditu. Horrela, isurpenak murriztea bereziki konplexua den industria eta garraio arloetako sektoreei erreparatuko die. Horregatik, hainbat teknologiatan aldi berean aurrera egitea planteatzen du, arriskuak murriztu eta soluzio lehiakorretarako bidea azkartuko duten saiakuntza eta demostrazioetarako azpiegiturak errazteaz gain.

Hasierako inbertsioa 250 milioi euro ingurukoa izango da datozen hiru urteotan, eta horietatik ia 85 milioi euro I+G eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira, Euskadik berrikuntza energetiko eta industrialerako erreferentziazko gunetzat duen posizionamendua indartuz, kualifikazio handiko zuzeneko 300 lanpostu eta zeharkako beste 900 lanpostu sortzeaz gain, hots, balio erantsi handiko jarduera industrial eta teknologikoei lotutako 1.200 lanpostu berri, guztira.

Petronor buru duen proiektu honek 51 enpresa ditu partaide, horietatik 23 ETEak direla, eta ekosistema industrial eta teknologikoaren dinamizazioan garrantzizko eginkizuna duen Basque Energy Clusterren lankidetzaz egingo da.

Halaber, Hubak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 4 zentro teknologiko integratuko ditu, lankidetza publiko-pribatua nahiz ezagutza, industria eta merkatuaren arteko lotura indartuz.

Jose Ignacio Zudaire Petronorreko CEOaren esanetan, “industria izan da beti gure apustua, izan ere, teknologiarekin batera, deskarbonizazio-prozesuak lideratzeko aukera emango digu, bestela ezin egin daitezkeen jarduera guztiei soluzioak eskaintzeaz gain. Era berean, enpresa guztien arteako lankidetzan sinesten dugu, handi nahiz txiki, guztion onerako izango den balio-kate batean elkartuta, eta lankidetza publikoan ere sinesten dugu, gure inbertsioetarako arau-esparru egonkorra eta gure proiektuetarako babesa ematen baitigu”.