Petronorrek ekonomia zirkularra eta deskarbonizazio-proiektuak jorratu ditu DS Industryren bigarren jardunaldian

Ana Cagigas Biscay Eco Aggregates (BEA) enpresako zuzendari nagusiak eta Arturo Fernández Biscay Hydrogen-eko zuzendari nagusiak «DS – Decarbonized & Sustainable Industry» topaketako bigarren jardunaldiko bi mahai-ingurutan parte hartu dute. Petronorrek % 75eko partaidetza du BEAn, eta Biscay Hydrogen, berriz, Petronorrek 100 MWeko elektrolizagailua garatzeko sustatutako proiektua da.

Batetik, Ana Cagigasek hondakinen balorizazioari buruzko mahai-inguruan parte hartu du; izan ere, hondakinei erabilera berriak ematea funtsezkoa da industria deskarbonizatzeko bidean. Hala, ekonomia zirkularra industrian nola aplika daitekeen erakusteko adibide gisa aurkeztu du BEAren mineralizazio-planta.  Petronorrek eta O.C.O Technology-k sustatutako instalazioa Bilboko Portuan dago, eta orain arte tratatu eta zabortegira bidaltzen ziren hondakinak eraikuntzarako material bihurtzea du helburu. Prozesu horri esker, ekonomia zirkularra sustatzeaz gain, atmosferako CO2-kontzentrazioa eta lehengai naturalen kontsumoa murrizten laguntzen du. Eraikuntza-sektorearen deskarbonizazioari ere egiten dio ekarpena.

Urtean 22 000 tona errauts termiko berrerabiltzeko eta 2200 tona CO₂ harrapatzeko gaitasuna du plantak. Gainera, urtean 56 000 tona ekoagregakin ekoitz ditzake eta, horri esker, 78 000 tona agregakin natural erauztea saihestu daiteke.

Bestetik, Arturo Fernándezek Espainiako hidrogeno-haranei eta hidrogeno-proiektuei buruzko mahai-inguruan parte hartu du, eta, bertan, Petronorrek hidrogenoaren arloan abian dituen proiektuak izan ditu hizpide. Izan ere, horien artean dago 100 MWeko elektrolizagailua: hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena bultzatzeko eta Petronorren findegiaren nahiz Euskadiko industriaren deskarbonizazioan aurrera egiteko garatzen ari den proiektua.