Topaketan, itsas geopolitikaren eginkizuna, interdependentzia estrategikoa eta egungo nazioarteko hornidura-kateen ahulgune nagusiak aztertu dituzte.
José Antonio Sanahuja Perales, Sergio Caballero Santos eta Ruth García-Llave unibertsitate-irakasleekin batera, Petronorreko presidenteak hitzaldian adierazi du energia Europako proiektuaren oinarria izan zela, duela 70 urte Messinako Konferentzian zehaztutakoari jarraikiz. Europak egin dituen akats estrategikoak ere aipatu ditu; hots, duela 20 urte baino gehiago jada antzematen ziren eta orain bete-betean azaleratu diren erronkei bizkarra eman izana.
Halaber, energia-segurtasuna, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bateragarri egiteko beharra azpimarratu du, eta funtsezko lau akats saihestu behar direla ohartarazi du. Lehen akatsa hornidura bermatzeko eta sistema egonkor mantentzeko behar den ahalmena goizegi kentzea da —edo kenduko dela iragartzea—, muturreko egoeretan beste baliabide batzuek eginkizun bera bete dezaketela frogatu gabe. Bigarren akatsa teknologiak sorkuntza-kostuaren arabera soilik alderatzea da; aukera teknologikoen konbinazioak ebaluatzeko, ordea, sistemaren kostu osoa eta industria-jarduera eteteak izango lukeen eragina hartu behar dira kontuan.
Hirugarren akatsa erregai fosilekiko mendekotasuna murriztu nahian hain agerikoak ez diren beste mendekotasun batzuk sortzea da (mendekotasun berri horiek mineralekin, potentzia-elektronikarekin, ekipamenduekin, softwarearekin eta mantentze-lanekin daude lotuta).
Eta azken akatsa sorkuntza-ahalmena azkarregi handitzea da, sareak eta biltegiratze-sistemak erritmo berean garatu eta malgutasuna nahiz leheneratzeko gaitasuna indartu gabe.

