Muskizko V. Ehiza eta Arrantza Azoka oilagorretan trebeak diren hiru adituren hitzaldiaz hasiko da bihar. Larunbatean modalitate hauen inguruko erakusketak, ikuskizunak eta jarduerak izango dira.
Bihar, arratsaldeko 19:00etan, Meatzari Aretoan, hiru Setter-hazleen eskutik oilagor ehizaren inguruko hitzaldia izango da: Alberto Markina, Jose Ángel Iturregi eta Jose Miguel Flores hizlari eta Juanjo Alea moderatzaile. Gainera, hiru erakusketa ikusi ahal izango dira: Fernando Gomezen irudi eta margolanak, Oscar Poncelaren taxidermia eta oilagor ehizaren trebakuntzarako lepokoak.
Larunbatean, 10:30etatik aurrera, Donibane Plazan, ekintzak, txapelketak, doako dastatzeak eta bestelako entretenimendurik ez da falta izango. Gainera, stand ezberdinak egongo dira: txori abeslariak, txalupa maketak, tiragomak, korapilo tailerra, asmamen jokoak, antzinako altzariak eta produktu gastronomikoen salmenta. Horrez gainera, ehiza-txakurren, hegazti harraparien eta zulo-txakurren erakusketak ikusi ahal izango dira. Aurten, azpimarragarria izango da Bilboko Udalak antolatutako hiritarron babeserako txakurren ikuskizuna; baita haitz-arrainen zein basurde dastatzea ere.