CIC nanoGUNE ikerketa kooperatiborako zentroak (Donostia, 2009) hiru enpresa kide berri izango ditu gaurtik aurrera. Petronor, CAF eta IKOR Euskal Herriko industria garapenerako alor estrategikoetan nagusi diren enpresak dira eta nanoGUNEren lana babesten dute: nanozientzian eta nanoteknologian egindako bikaintasunezko ikerketa, enpresek lehiakortasuna areagotzen eta Euskal Herriko ekonomia hazten laguntzeko. Gaurko bileran, hiru enpresa horiek kide modura gehitu dira nanoGUNEren Zuzendaritza Batzarrera.
Ikerketa Zentroak lehen mailako industria-adituak izatearen aldekoa da, ezagutza eta teknologia transferitzeko duen estrategia indartzeko, eta horrela batu zaizkio Petronor, CAF eta IKOR enpresak. Punta-puntako hiru enpresa horiek Eusko Jaurlaritzaren RIS3 adimendun espezializazio-estrategian lehentasuna duten alorren aldeko konpromisoa hartu dute eta horrek zentroaren misio estrategikoa indartuko du eta industriarekin eta industriarentzako egiten den lana sendotzea ahalbidetuko du, zalantzarik gabe.
Nanozientziaren eta nanoteknologiaren ahalmena mundu mailan aitortua izan da. Europako Batzordearen aburuz, oinarri nanoteknologikoa duten produktuen merkatu globala % 50 hazi da 2009az geroztik eta trilioi bat euroko kopurua gainditu du. NanoGUNEren zuzendari nagusia den José María Pitarkeren esanetan, “merkatuaren dimentsioaz haratago, Euskal Herriarentzat benetan garrantzitsua dena nanoteknologia da, gure ekonomiaren oinarrian dauden industria sektore asko hobetzeko gakoa delako”.