Bizkaia Enpresa 2016 topaketaren helburu nagusia enpresei informazioa ematea, saritzea eta enpresen arteko hausnarketari mesede egitea da. Aurreko edizioetan bezala, hiru atal izan zituen ekitaldiak, eta gai nagusi bat: Erakunde handien, ETEen eta startupen (enpresa txiki hasiberriak) arteko koordinazioa.
Zentzu horretan, kooperazioak Petronorren berrikuntzarako eta garapenerako estrategietan duen zeregina azaldu zuen Urko Urbizuk: “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten eragileekin eta inguruko enpresekin lankidetzan aritzen gara, eta Repsolen Teknologia Zentroarekin batera, ezagutzaren eragile sare handi batekin eta mundu osoko enpresekin”.
Muskizko findegiak martxan dituen lankidetza-proiektuei dagokienez, hauxe azpimarratu zuen Urbizuk: “Petronorren Hornitzaileen Trakzio Planaren esparruan probetarako plataforma modura aritzen gara tokiko enpresa batzuekin, gure instalazio industrialetan proba pilotuak egiteko. Horrela, produktuaren garapen industriala errazten diegu eta mundu mailako oil&gas sektorera sartzen laguntzen diegu. Horrez gain, berrikuntza irekirako INSPÎRE programa ere gailendu beharra dago. Pasa den urtean gauzatu genuen programa horren lehenengo edizioa. Ekimen horren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten eragileei Petronorren bi erronka konkretu proposatu genizkien eta harrera ona izan da”. Gainera, “kooperaziorako prozesuak win-win lankidetzan eta konfiantzazko harremanak ezartzean oinarritu behar direla” adierazi zuen.
Argazkiak, hemen.