Petronorrek ekoizpena berreskuratu, Fuelolioa Murrizteko Unitatea izan ezik

Gaur eguerditik aurrera Petronor berriro ere itzuli da, nolabait, ohiko normalkuntzara. Aurreko ostiralean, Iberdrolaren Ortuellako azpiestazioan izandako matxurak argindar-hornidurarik gabe utzi zuen findegia eta erabateko geldialdia eragin.

Indarrean ari dira honezkero unitaterik gehienak, hidrogenoa ekoizteko planta bat eta Fuelolioa Murrizteko Unitatea izan ezik. Aurrenak ez du ekoizpen orokorra galerazten eta bigarrena datorren ostegunean-edo jarriko da abian, dagozkion unitate txiki guztiekin batera.

Ostiraleko lehen orduan, inondik ere ulergarri ez den argindar-hornidurarik eza gertatu bezain laster, segurtasun-protokolo guztiak indarrean jarri ziren eta banan-banan aztertu ziren, zehatz-mehatz, gelditutako unitate guztiak. Ezustean, bat-batean eta sekula aurretik berrogeita hamar urteko historian zehar gertatubako geldialdiak barne-gasak erre beharra erakarri zuen segurtasun-zuzien zehar eta ondoko kealdi beltzak eragin.

Zuzien ke-maila ezelan ere gutxietsi gabe, ezin uka segurtasun-sistema guztiek erabat funtzionatu zutela eta ezein unetan ez zela alarmarik jo beharrik izan. Ez barnean, Petronorren aldetik, ezta kanpoan ere, dagokiokeen Herri Administrazioaren aldetik.  Gainera, etengabe monitorizatu da aire-kalitatea eta ezein unetan ez dira gainditu Ingurumen Baimen Integratuak adierazten dituen mugak.

Asteburu guztian zehar, txandakako beharginez gainera, Ekoizpen, Mantenu, Ingeniaritza eta Garapen zein  Ingurumen eta Segurtasun sailetako teknikoek lan egin behar izan dute, une oro kontratetako langileen laguntzarekin batera, jarduera berreskuratzeko eta ekoizpenari berriro heldu ahal izateko.

Larunbatean nahiz igandean barrena, mailaz maila eta tarteka marteka abian jarri ahal izan dira unitaterik gehienak. Bata bestearen ondoren lanean hasi ziren  gordin unitate biak, nafta-desulfuratzaile unitate biak, gasolina ekoizteko beste biak eta,  era berean, Huts, Visbraeker eta FCC unitateak ere. Baita ere alkilaziokoa, kogenerazio biak, hidrogenoa ekoizteko bietako bat, bost desulfuratzaile (lau automozio-gasoliotarako eta bosgarrena FCCa elikatzeko) eta sufrea berreskuratzeko lau plantak. Baita sistema orokorrari atxikiak diren beste zenbait  instalazio osagarri ere, denak indargabetuak geratu baitziren.

Petronorren zuzendaritzak barkamena eskatu nahi du, berriz ere, Iberdrolaren argindar mozketaren ondorioz sortarazitako eragozpenengatik eta biziki eskertu bertako zein kanpoko langile guztiek asteburuan zehar egindako ahalegin nabarmena. Guztiei esker, ekoizpena ahal zen neurrian konpontzerik izan da, datorren ostegunetik aurrera abian jarriko den Fuelolioa Murrizteko Unitatea izan ezik.