Quo vadis 2017? Itxaropenaren indarra

2017an Kenneth Galbraith idazlearen The Age of Uncertainty (Ziurgabetasunaren aroa) obra argitaratu zenetik 40 urte beteko dira. Barry Eichengreen, Berkleyko ekonomia irakasleak duela gutxi artikulu baten izenburuan esan duen moduan, gaur egun, 1977an ez bezala, “hiper ziurgabetasunaren aroan” gaude.

1977. urteko munduak eta gaur egungoak ezer gutxi daukate komunean arlo teknologikoan, geoekonomikoan eta geopolitikoan. Eta ziurgabetasunak, ekonomikoak zein politikoak, munduan jaun eta jabe dira. Gertaera hori gogora dakart, perspektiba izatea ona baita, horrela ekidin ahal izan dezagun denbora tartea gure nahietara moldatzeko tentazio gero eta handiagoa. Eta, era berean, ez dezagun ahaztu, esaterako, Verdungo guduaren ehun urteurrena izan zela duela gutxi; nondik gatozen kontzientzia har dezagun, nora joan behar dugun jakiteko.

Arrisku ekonomikoek arrisku politikoak bizkortzen dituzte, baina horrek ez gaitu pesimista bilakarazi behar. Aldiz, Brasilen Casaldáliga apaizak adierazi zuen moduan, itxaropenaren militante izateko motor gisa erabili behar dugu, bidegabekeria sozial eta ekonomikoek eragiten duten etsipenei aurre egiteko.

Honako datu hauek bizi dugun hiper ziurgabetasun egoeraren gainean hausnartzera bultzatu behar gaituzten datuetako batzuk dira: Txinako ekonomia berregituratzea, finantza-burbuilak lurra jotzea, Europako egonkortasun ekonomiko eta politikoan Turkiak daukan eragina, finantza-sistemaren etengabeko ezegonkortasuna, ezkutuko lehia tekno-industriala, Europa etengabe txikitzea eta “zor grekoaren” txekea.

Testuinguru horretan gure erronka da geure buruari galderak egiten jakitea eta horiei autokonplazentziarik gabe erantzutea, baita jasotako jaraunspen industriala kudeatzea ere, betiere gaur egun eskatzen denera egokituz, hots, indarra finantza eta teknologia alorrean, malgutasuna, elkarlana eta ikuspegi globala zein bertokoa. Eta, batez ere, gure kapitalik preziatuenaren aldeko apustua egitea: hezkuntza.

Ez dago etorkizunerako oinarri ekonomikorik pentsatzeko hezita dagoen giza kapitalik eduki gabe, muga mentalik gabe eta beldurrik gabe aritzeko giza kapitalik gabe, finean, galderei erantzunak bilatzeko giza kapitalik gabe.

2017. urtea itxuraz konplikatua izango da. Hala ere, liluragarria izango da, eta pasio positiboa gutako bakoitzaren esku egongo da. Arazo berriei konponbide berriak bilatu behar zaizkie. Eta honek desberdin pentsatzea eskatzen du, galtzeko beldurraren opiaziorik gabe.

 

Emiliano López Atxurra
Petronorreko presidentea

Emilianoren hausnarketa Deian, hemen.