Atzo eskainitako hitzaldian, Nati de la Puertak argi utzi zuen hiriko kaiek merkataritzarekin duten lotura eta petrolioaren tratamendua uste baino askoz ere aspaldikoagoak direla. Estatuko lehenengo findegia Zorrotzako muturrean finkatu zen 1878an, eta historialariak adierazi duenez, “petrolioak balea asko salbatu zituen, izan ere, baleak etxeetako argiztapenerako olioa lortzeko harrapatzen ziren, harik eta 1849an Abraham Gesner-ek kerosenoa asmatu zuen arte”. Harez geroztik, kerosenoak balearen gantza ordezkatu zuen.
1968ko azaroaren 30ean Petronor eratu zen, eta honek Punta Luzeroko dikea eraiki eta itsasontzi-flota osatu zuen: “Petronorrek eraikitako ontziak Espainiako flota osoko handienak izan ziren, eta B/T Santa Mariako andelek Bilboko Udaletxearen altuera zuten”, ziurtatu du historialariak.
50 urte geroago, Petronorrek petroliogintzako konpainia garrantzitsua izaten jarraitzen du, flota propiorik gabe, baina berrikuntzan oinarritutako etorkizunari begira.