Petronorrek Findegiko profesionalentzako prestakuntza-zentroa inauguratu du

Familia-argazkia operadore berriekin.
-Rosa Bilbao eraikin berria Somorrostro Prestakuntza Zentroaren campusean kokatuta dago.

-Zentroak lan-munduratzearen aurreko prestakuntza dualeko ikastaroak emango ditu, baita etengabeko prestakuntza tailerrak ere konpainiako langileentzat.

-Hezkuntza zentro berriaren inaugurazioak, Petronorrek prestakuntza integralaren alde nahiz kualifikatutako pertsonala lan-merkatuan sartzearen alde hartu duen konpromisoaren balioa nabarmentzen du.

-Inaugurazio ekitaldiaz gain, diplomak banatu dira Instalazio Kimikoko Operadore bihurtzeko azken ikasturtea amaitu duten 18 ikasleen artean.

 

Petronorrek Rosa Bilbao eraikina inauguratu du, Petronorren prestakuntza espezifikoko zentro berria. Findegiko profesionalen prestakuntza da zentro berri honen jardueraren ardatz. Bertan, lan-munduratzearen aurreko prestakuntza dualeko ikastaroak emango dira, baita etengabeko prestakuntza tailerrak ere konpainiako langileentzat.

Ekitaldian parte hartu dute Javier Laiseca Somorrostro Prestakuntza Zentroaren zuzendariak, Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak, Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, eta Nicolás Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkatesa eta Borja Liaño Muskizko alkatearekin batera.

Hezkuntza zentro berriaren inaugurazioak, Petronorrek prestakuntza integralaren alde nahiz kualifikatutako pertsonala lan-merkatuan eta bereziki industria sektorean sartzearen alde hartu duen konpromisoaren balioa nabarmentzen du.

Zentro berria inauguratzeaz gain, ekitaldian, diplomak banatu dira Instalazio Kimikoko Operadore bihurtzeko azken ikasturtea amaitu duten 18 ikasleen artean.

Lanbideren eta Somorrostro Prestakuntza Zentroaren lankidetzaz, 20 ikasle izan dira guztira, 13 hilabetez prestakuntza teorikoa hartu eta Petronorren praktikak egin dituztenak. Horietatik, 18 kontratatu dituzte dagoeneko Findegian lan egiteko.

Rosa Bilbao eraikina

Somorrostro Prestakuntza Zentroaren campusaren ekialdereneko muturrean kokatuta, Rosa Bilbao eraikinak Petronorren eta LHko Zentroaren arteko loturak estutu nahi ditu, baterako programak eta jarduera-esparruak sustatzeaz gain.

Eraikinak Rosa Bilbao andrearen izena hartu du, Muskizen eta muskiztarren ongizate eta garapenaren alde konprometituta zegoen Mingo familiaren amalehenaren oroimenez. Familia honek erosi zuen Somorrostro Zentroa egun kokatuta dagoen lursaila, eta gerora, dohaintzan eman zion Zentroa sortu zuen Marcelo Gangoiti jaunari.

Mingo familiak Zentroaren egungo lursail osoa erosi bazuen arren, ekialderenean kokatuta dagoen ingurunea erreserbatu zuen Rosa Bilbao andrearen etxea eraikitzeko, Villariasko Markesaren behialako jauregiko lorategietan. Andrearen heriotzaren ondoren, Mingotarrek dohaintzan eman zizkioten etxea eta inguruko lursaila Marcelo Gangoiti jaunari, egungo campus osoaren eraikuntzari hasiera emanez.

Somorrostro Prestakuntza Zentroa

Historikoki Petronorren aliatua izan den Somorrostro Prestakuntza Zentroak 1947an hasi zuen orain arteko irakaskuntza-jarduera, Marcelo Gangoiti Urrutia jauna buru zuela. Garai hartan, Bizkaiko Meatzaldea egoera ekonomiko larrian zegoen, Ibaizabalen Ezkerraldean nagusitzen ari zen goranzko egoera ekonomikoaren aldean.

Errealitateari neurria hartuz, On Marcelok Orientazio Profesionalerako Eskola sortu zuen, bertako ikasleei Bizkaiko eta Euskadiko garai hartako enpresa trakziogileetako Apredizen Eskoletan sartzeko aukera erraztuz. Harez geroztik, Zentroak errendimendu handiko zikloak eskaintzen dizkie lurralde historiko osoko gazteei.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegurik-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu ditu

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.