Errekarga ultra-azkarreko sistema berria Repsolen hornitegi batean kokatua dago, eta ibilgailuen karga-gaitasunaren arabera hornidura-puntu ezberdinen artean bana daitekeen 700 kW-ko gehienezko potentzia dauka. Honakoa aurrerapausu nabarmena da ibilgailu elektrikoa hiriarteko garraiobide modura erabili ahal izateko.
Inaugurazio ekitaldian Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari delegatua, Petronor eta Ibil-en presidente Emiliano López Atxurra, Garapen Ekonomikorako eta Azpiegituretako Eusko Jaurlaritzaren sailburu Arantxa Tapia, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran izan dira, besteak beste.
Josu Jon Imazen iritziz, “errekarga-puntu honek Espainian mugikortasun-erreferente izaten jarraitzea ahalbidetzen dio Repsoli, daborduko herrialdeko errekarga elektriko publikoko sare nagusian badagoela aintzat hartuta”.
Bere aldetik, Petronor eta Ibil-en presidente Emiliano López Atxurrak nabarmendu duenez, “predikatzen ibili gabe, hauxe da gauzak egin egiten direla adierazteko froga. Repsolek eta EVEk, Ibil sortzerakoan, duela hamar urte hartu zuten erabaki hau eta bururaino eraman dute garapen industrial eta teknologiko nazionaleko produktuarekin”.
Repsolen asmoa da abangoardiako teknologia hau bere beste lau hornitegitan eskaintzea 2019an zehar.