Urtarrilean abiatutako euskal zinemaren bost hamarkadako atzera begirakoa apirilaren azkenetan amaituko da, baina oraindik badu zer eman. Hilaren 5ean eta 7an bi dokumental eskainiko ditu, ohi bezala Bilboko Arte Ederretako Museoaren auditorioan: ‘Lucio’ (Aitor Arregi eta José Mari Goenaga. 2007) eta ‘Asier ETA biok’ (Aitor Merino eta Amaia Merino, 2013). Lehena 17:30etan ikusi ahal izango da barikuan eta 19:30etan domekan, eta bigarrena alderantziz.
Lucio Urtubia anarkistari buruzkoa da bata. ‘Nafar Robin Hood-a’ deitzen zioten: Che Guevararekin bat egin zuen, 3.000 milioi pezetako iruzurra egin zion Citibank-i, bahiketa ezagunetan hartu zuen parte… eta guzti hori bere igeltsero lanean sekula huts egin gabe.
‘Asier ETA biok’, ostera, lagun biri buruzkoa da. Asier eta Aitor (dokumentalaren zuzendarietakoa) elkarrekin hazi ziren Iruñean. Ikastolara joan ziren, eta lagunmin egin. Handik urte batzuetara, Aitor Madrilera joan zen aktore izan guran eta Asier ETAn sartu zen 2002an.