Prozesu biologikoari aplikatu beharreko teknologia berritzaileari esker, araztegia jardunean izango da une oro. Horrela, euri-jasa bortitzak daudenean ere, araztegiak bertara eramandako hondakin uren tratamendua bermatuko du, tratatu gabeko urak gainezka egin eta Barbardungo itsasadarrera edota Hareako hondartzara iristeko arriskua saihestuz.
Muskizko araztegia, Bizkaiko zaharrena eta Euskadiko zaharrenetako bat, 1998an hasi zen jardunean, Galindoko araztegia baino lehenago. Egun, diseinuko baldintzen mugatik hurbil dagoen ur-emariaren tratamendua egiten du, bereziki euri-jasa gogorrak gertatzen direnean, estolderia-sareei euri-urak gehitzen zaizkien neurrian. Horren kariaz, behar-beharrezkotzat jo dute esku-hartzeren bat bideratzea saneamendu-sistema hobetzeko, araztegian tratatutako bolumenak handitzeko eta, euri-jasa handien ondorioz, araztu gabeko urak Barbadungo itsasadarrera zabaltzeko arriskua murrizteko.
Errendimendu handiagoko tratamendu biologiko sendoagoaz gain, araztegi berriak tratamendu fisiko-kimiko berezia erabiliko du sarrerako ur-emaria arazteko, euri-jasa gogorrak gertatzen direnean. Horrekin batera, irteerako emari osoaren desinfekzioa egingo da, Hareako hondartzan bainurako uraren kalitate bakteriologikoa une oro bermatu ahal izateko.
Energia-kontsumo txikiagoa eta lohien ekoizpen mugatuagoa dira aukeratutako proposamenaren beste ezaugarri nabarmen batzuk, eragiketa-kostuen murrizketaren mesedekoak.