Egun, 177 emakumek lan egiten dute Petronorren, enpresako hainbat sailetan. Ekoizpen sailean 62 emakume daude: 3 administrari, 27 operadore, 27 teknikari eta 5 zerbitzuburu. Nabarmentzeko modukoa da emakumeen presentziaren gorakada, findegian oro har, eta bereziki lanpostu teknikoetan. Horren adibide garbia dira Petronorren ibilbide azpimarragarria egin duten Ainhoa Regil eta Marta Gallo ingeniariak.
Ainhoak industria-ingeniaritza (Kimikako espezialitatea) ikasi zuen Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan. 2004an sartu zen Petronorren eta 2016ra arte Prozesuen Sailean lan egin zuen, harik eta, Berrikuntza eta Energia Kudeaketako teknikari nahiz Petronor Innovacioneko Digitalizazio-arduradun gisa bi urte baino gehiago egin ondoren, 2018ko ekainean sail horretako buru izendatu zuten arte. “Petronor leku bikaina da ingeniaritza eta antzeko karrera teknikoak garatzeko, izan ere, hainbat postu edo arlotan jarduteko eta era askotako proiektuetan parte hartzeko aukera duzu, eta horrek negozioari buruzko ikuspegi globala ematen dizu. Garatzeko aukera asko eskaintzen ditu”, Ainhoaren hitzetan.
Martak, berriz, ingeniaritza kimikoa ikasi zuen Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan. 2007an sartu zen Petronorren prozesu-ingeniari gisa, eta ondoren, FMUko Prozesu-Eragiketako ingeniaria izan da, aurtengo otsailean FMUko kudeatzaile izendatu duten arte. Martak “postu berri honetan ahalik eta baliorik handiena ematea” espero du, izan ere, “alde teknikoaren pisua txikiagoa denez, hasieran kosta egiten da aldaketara egokitzea, baina ahalik eta ongien egitea espero dut”.
Batak zein besteak adierazi dutenez, findegian ez dira inoiz baztertuta sentitu emakumeak izateagatik, eta neurriak hartzen ari dira maila guztietan parte-hartzea parekoagoa izan dadin. Hartara, Ainhoak argi utzi du “alde nabarmena dagoela duela 17 urte sartu nintzenean zegoen egoerarekin; orain emakume gehiago daude, eta haien presentzia barneratuago eta normalizatuago dago Petronorren“. Martak, aldiz, zera gaineratu du: “askoz ere operadore gehiago dauden arren, emakume gehiago daude oraindik lanpostu teknikoetan, txandan baino. Bide luzea dugu aurretik jorratzeko”.
Horren kariaz, Petronorrek, gizarte-erantzukizunaren alde eta erakunde barruan egiazko berdintasun eraginkorra sustatu eta berma dezaketen politikak eta ekintzak garatzearen alde hartu duen konpromisoari jarraiki, helburu estrategikoak ezartzen jarraitzen du, gero eta finkatuago dagoen errealitatea izan dadin.