Petronorrek panel fotovoltaikoak instalatuko ditu hiriguneetako teilatuetan etxebizitzei eta urbanizazioei elektrizitatea emateko, hurbileko sareaz baliatzen diren autokontsumo partekatuko komunitateak sortuz. Helburua energia elektriko berriztagarria ekoiztea da, ekoizpenaren zati bat eraikinaren jabeari salduz eta gainerakoa, banaketa-sarearen bitartez, gertuko bezeroei (sorkuntza eremutik 500 metroko erradioan). Enpresa berria sustatzailearen lanaz arduratuko da, instalazioetarako inbertsioak eginez.
Petronorren administrazio-kontseiluak martxoaren 18an onartutako erakunde berriak milioi bat euroko kapital-ekarpenaz sortua da negozioa 2020an baliozkotzearren, eta besteak beste, honako helburu hauek ditu: energia berriztagarriak sisteman ahalik eta gehien integratzea; elektrizitate sektoreari lotutako berotegi-efektuko gas isurpenak murriztea; energia deskarbonizatuaren inguruko kontrolagarritasuna bultzatzea; kontsumitzailea ahaldundu eta trantsizio energetikoaren partaide bihurtzea; garraio eta banaketa arloetako azpiegituretan egin beharreko inbertsioa murriztea, eta merkatu elektrikoetako lehia zein energia-eraginkortasuna eta industria arloko lehiakortasuna handitzea. Horrekin batera, Petronorrek Euskadin duen posizionamendua optimizatu nahi du, baita kaudimena eta atzemandako errotzea ere, deskarbonizazioaren aldeko etorkizuneko apustu berri baten bitartez.