Lehiaketa ekintzaileei eta sortu berri diren startup-ei (2015eko abenduaren 31tik aurrera eratutakoak) begirakoa da, teknologia berriak atxikitzean oinarritu eta ikus-entzunezkoen eremura bideratutako egitasmo enpresarial europarrak proposatuz gero. Gainera, europar herrialderen batean behar dute legezko erresidentzia, eta egitasmo enpresariala Euskal Herrian abiarazteko asmoa ere.
Aukeratutako egitasmoak Zinemaldian zehar irailean egitekoa den jardunaldi batean aurkeztuko dira, eta honek klase magistrala eta I+G+Bko enpresen aurkezpena ere hartuko ditu.
Eusko Jaurlaritzak Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailaren bitartez sustatzen du Zinemaldia Startup Challenge, Donostiako Zinemaldiak, Petronorrek, Tecnaliak eta Tabakalerak antolatzen dutena, Vicomtech ikerketa aplikatuko zentruaren laguntzaz.
Izen-ematea galdetegi online baten bitartez osatu ahal izango da epea zabaldutakoan. Egitasmoan bazkide direnen aditu talde batek osatutako epai-mahaiak aukeratuko ditu bost finalistak, eta hauek aukera izango dute Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean dauden BIC-etako (Business Innovation Center) bateko inkubazio espazioan urtebetez doan aritzeko, Zinemaldiaren jarduera eta ekitaldi guztietan parte hartzeko eta bertaratzeko gastuetarako eta ostatu hartzeko laguntza jasotzeko.
Aukeratutako egitasmoak abuztuaren hasieran ezagutaraziko dira prentsa ohar baten bitartez. Azkenik, irailean, Zinemaldia egiterakoan, epai-mahai independente batek 10.000 euro jasoko dituen irabazlea aukeratuko du. Irabazleak eta gainerako lau finalistek 500.000 eurora arteko finantzazioa jasotzeko aukera izango dute euren egitasmoa Euskal Herrian garatzeko.