Pandemia betean bakarlariak, orkestra eta abesbatza uztartu eta pastoral liriko baten diskoa grabatzea erronka handia da, baina Bilboko Koral Elkarteko zein Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS) 90 pertsonak baino gehiagok txandaka dihardute lanean Iparraldeko Charles Colin konpositorearen ‘Maitena’ opera CDan grabatzeko. Izan ere, koronabirusak ez du eragotzi behar Koral Elkarteak XX. mende hasierako euskarazko ondare lirikoa berreskuratzeko egin beharreko ahalegina. Horrekin batera, ondo kontuan hartu behar dira IBS Classical diskoetxeko arduradun nagusi Francisco Moya ekoizlearen esperientzia eta talentua. Grabazio garbi eta xumea izango da, Colinen musikari justizia egiteko modukoa, euskal herri musikarekiko keinuak zein frantses kutsua uztartuz.
‘Maitena’ operaren libretoa euskara ederki ezagutzen zuen Etienne Decrept antzerkigileak landu zuen, “herriaren izaera” fideltasunez islatzeko asmoz.
Petronorren mezenasgoaz gain, euskarazko ondare lirikoa berreskuratzeko proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ere izan du. Ekimen honek Inchaustiren ‘Lide ta Ixidor’ haurrentzako opera berreskuratuko du 2021ean, baita Guridiren ‘Mirentxu’ ere bi urte barru.