Repsol-Petronor Taldeak abian jarritako master honek Mondragon Unibertsitatearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Universitat Politècnica de Catalunyaren, Universitat Rovira i Virgiliren, Zaragozako Unibertsitatearen, Somorrostro Lanbide Heziketako Zentro Integratuaren, eta beste bost prestakuntza eta ikerketa zentroren lankidetza du, Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioa, kasu.
Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak hidrogenoaren masterraren “izaera guztiz praktikoa” azpimarratu du, eta, era berean, Javier Laiseca Somorrostro Heziketa Zentroko zuzendariak master honen berezitasuna azpimarratu du, “enpresen, unibertsitate-ikasketen eta lanbide-heziketaren lan-eskariaren arteko beharrezko harremana indartuko baitu”.
Teknologia berri hauek trantsizio energetikoa bultzatzeko duten potentzialaz interesatutako profesionalei zuzenduta dago, eta ezaguera berritzaile eta abangoardistak eskaini nahi ditu hidrogenoaren ekonomiari buruz eta honi lotutako teknologiei buruz. 2021eko urriaren 15ean hasiko da eta master multilokalizatua izanik, lau kokaleku izango ditu, Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan, baina gehienbat modalitate birtual sinkronoan emango da.
Master hau, Euskadi ekonomia produktibo berdearen hub handia eta energia-eredu berri baten buru bihurtzea xede duen Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) deritzon enpresa eta erakundeen arteko proiektu handiaren ezagutza-gelaren ekimen eragiletik sortua da.
Hidrogenoaren teknologien inguruko Europako estrategiei jarraiki, aurrekaririk ez duen lankidetza hau sortu da, industria, unibertsitate zein lanbide-heziketako erreferentziako erakundeak elkartuz, industrian hidrogenoaren teknologien garapena bizkortzeko asmoz, izan ere, unibertsitatean trebatutako ingeniaritza-profilen eta lanbide-heziketatik datozenen arteko oreka beharko du.
Masterrean, unibertsitateetako adituek eta hamabi erakunde bultzatzaileetako teknologia eta ikerketa zentroetako kideek parte hartuko dute, baita jardunean diharduten industria arloko profesional ezagunek ere. Alderdi praktikoa da prestakuntza-apustu honen ardatz nagusietako bat, eta horren harira, masterrean parte hartzen dutenek praktikak egingo dituzte simulazio-paketeen eta enpresetarako bisita teknikoen bitartez, baita laborategiko praktika presentzialak ere, aztertutako kontzeptu eta tresnen saiakuntza egiteko. Prestakuntzaren amaieran, benetako erronka bati aplikatutako master amaierako lana egingo dute, lehentasunezko helburu batekin: enpresek hidrogenoaren teknologien arloan ingurune errealetan aurrera egiten laguntzea.
Prentsa oharra, hemen.
Bideoa, hemen.