Hidrogenoaren Euskal Korridorea izan zen protagonista Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ‘Ser Euskadi Topaketak’ izenekoetan. Ekitaldia irratiko Edukietako zuzendari Eva Domaikak gidatu zuen eta bertan Euskadik gas honen alde egiten duen apustua azaldu zen, ekonomia deskarbonizatu bati begirako trantsizioan funtsezkoa dena, eta hidrogenoaren ekoizpen, banaketa eta kontsumoko euskal ekosistema bat sortzeko ekimenak zehaztu ziren.
Elías Unzuetak Hidrogenoaren Euskal Korridorea zer den azaldu zuen. Hala, esan zuenez “balore-katea trakzionatzea” da kontua, “azken emaitza egitasmoen batuketa sinplea baino handiagoa izatea”. “Iraganean hidrogenoak bere boom txikia izan zuen”, gogorarazi zuen, “baina orain egoera ezberdina da gizarteak badakielako aldaketa klimatikoaren aurkako borroka bezalako arazo existentziala daukagula” eta hidrogenoak bere espazioa dauka deskarbonizazioaren bidean.
Unzuetak nabarmendu zuenez, Korridorea “estrategia integral batean” oinarritzen da, “lankidetzaz ahalmenak gehitzeko, izaera dinamikoarekin, hidrogenoaren kate tekno-industrialaren garapenaren bitartez berpizte ekonomikorako funtsezko egitasmo izan arte”.
Korridorearen baitako egitasmoetako bat Zubietako ingurumen gunean sortutako biogasaren eraldaketarako etorkizuneko instalazio pilotua da, oso kalitate altuko hidrogenozkoa bidaiarien garraio publikoan eta hondakinak biltzeko kamioietan erabiltzeko, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Lan Hidraulikoetako diputatuak aurkeztu zuena.
Hidrogenoaren Euskal Korridoreak 1.340 lanpostu zuzen eta 6.700 zeharkako sortzea aurreikusten du. Etorkizuneko profesional horiek hezitzeko, Mondragon Unibertsitateak urriaren 15etik Hidrogenoaren Teknologietako unibertsitatearteko lehen masterra abiatuko du, unibertsitateko eta zentro teknologiko eta ikerketako adituen parte hartzea izango duena, eta baita industrian diharduten ospe handiko profesionalena ere. José María Canales-ek, Bilbao AS Fabrik-eko campus-eko koordinatzaile eta masterraren zuzendari akademikoak, xehetasunen berri eman zuen SER-en Topaketan.
Jardunaldia Euskal Herriko Energia Klusterrak itxi zuen, energia sektoreko balore-kateko euskal enpresa nagusiak biltzen dituenak.