Bilbo, hiri-mugikortasun iraunkorraren munduko hiriburua

Bilbo hiri-mugikortasun iraunkorraren munduko hiriburua izango da berriz ere urriaren 6an eta 7an, SUM Bilbao 21 biltzarraren eskutik. Topaketaren bigarren edizioak bost kontinenteetako 90 aditu baino gehiago bilduko ditu, eta guztien artean, hiri-mugikortasunarekin lotutako egungo gairik nabarmenenak jorratu, hiriek mugikortasun iraunkorragoa finkatzeko dituzten erronkak eta aukerak aztertu eta mundu osoko hirien arrakasta-kasuak emango dituzte ezagutzera.

Bilboko Udalak eta Petronorrek antolatutako biltzar honetako hitzaldiak Estatu Batuak, Kenia, Kolonbia, Albania, Erresuma Batua, Argentina, Portugal, Herbehereak, Peru, Belgika, Alemania, Costa Rica, Mexiko, Filipinak, Espainia eta beste hainbat herrialdetako agintaritza, enpresa eta zentro teknologikoen entzute handiko ordezkariek emango dituzte. Aditu horiek guztiak estu-estu lotuta daude energia sektorearekin, automobilgintzarekin, garraioaren industriarekin, mugikortasun, logistika eta banaketaren arloetako zerbitzuekin, teknologiarekin, telekomunikazioekin, azpiegiturekin eta finantza arloarekin, eta horien parte-hartzeak hiru gai nagusi hauek izango ditu ardatz: trantsizio energetikoa; gobernantza eta finantzaketa; eta mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza.

Bertaratuko diren erakundeen artean, honako hauek nabarmen daitezke: Iomob, Correos, ONU Habitat, Repsol, Estafeta Mexicana, Ibil, Alsa, Green Hydrogen Coalition, Euskal Logistika eta Mugikortasun Klusterra, Tecnalia, Women In Mobility London, Garraio Publikoaren Nazioarteko Batasuna edota Irizar e-mobility.

Biltzarra formatu hibridoan antolatuko da: modu presentzialean Euskalduna Jauregian eta online zuzenean. Bi kasuetan, nahitaezkoa da www.sumbilbao.com webgunean aldez aurretik izena ematea.

Prentsa oharra, hemen.