II. Bilbao Petronor Eko Rallyea gaur abiatuko da parte-hartzeari dagokion munduko errekorra hautsiz. Guztira, energia alternatiboak erabiltzen dituzten 60 ibilgailu lehiatuko dira gaur eta bihar, Bizkaiko Motorzaleen Errege Elkarteak Petronorren eta Bilboko Udalaren babespean eta Energiaren Euskal Erakundearen, Lurautoren eta IBILen laguntzaz antolatutako proba honetan.
Eko rallyea deritzon proban gidatzearen eraginkortasuna baloratzen da, batez besteko zenbait abiadurari eta kontsumo baxuei eusteko gaitasuna puntuatuz.
Aurten berrikuntza gisa ibilgailu elektrikoek eta hibridoek baino ez dute parte hartuko, eta 400 kilometro egin beharko dituzte hiru etapatan, irteera eta helmuga Guggenheimeko zelaigunean daudela, larunbatean publikoarentzako jarduera ludikoak antolatuko diren lekutik hurbil.
Gaurko eta biharko etapak puntuagarriak dira Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta FIA e-Rally Regularity Cup munduko txapelketarako. Gainera, igandean lehenengo aldiz 30 Kopa proba egingo da, Bilboko kaleetan zehar egindako gidatze jasangarria saritzeko.