Erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. 350 informazio-eskaera jaso dira, eta plaza-kopurua handitu behar izan da. 60 zeuden aurreikusita, eta, azkenean, 75 izan dira. Horietatik, 30 pertsonak Bilbon egingo dute masterra, eta beste 45ak Bartzelona, Tarragona eta Zaragozaren artean banatuko dira.
Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate arteko Masterraren helburua da ezagutza berritzaileak eta abangoardistak zabaltzea hidrogenoaren eta hari lotutako teknologien arloan, eta teknologia horiek energia-trantsizioan laguntzeko duten ahalmenari buruzko prestakuntza ematea.
Unibertsitate arteko masterrean, unibertsitate-adituek eta 12 erakunde sustatzaileetako teknologia- eta ikerketa-zentroetako kideek hartuko dute parte, baita industrian jardunean diharduten profesional ezagunek ere. Alderdi praktikoa da prestakuntza honen ardatz nagusietako bat: parte-hartzaileek praktikak egingo dituzte simulazio-paketeen bidez, bisita teknikoak enpresetara eta aurrez aurreko laborategiko praktikak, aztertutako kontzeptuekin eta tresnekin esperimentuak egiteko. Amaitzeko, master-amaierako lan bat egin beharko dute, benetako erronka bat oinarri hartuta. Enpresen inguruneetan hidrogenoaren teknologien arloan aurrera egiten laguntzea izango da lan horren helburua.
Aurrekaririk gabeko lankidetza gauzatu da industriako, unibertsitate-arloko eta lanbide-heziketako erreferentziazko erakundeen artean, industrian hidrogenoaren teknologien garapena bizkortzeko.
Masterrak Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2Cren) proposamenari lotutako jakintza-gela bat sortzeko ekimenean du oinarria. Erakundeen eta enpresen arteko proiektu handi bat da gela hori, eta Euskadi ekonomia produktibo berdearen hub handi bat eta energia-eredu berri baten buru izatea du xede.