Hidrogenoaren trena errealitate teknologikoa da dagoeneko, Petronorrek, Talgok eta Arabako Foru Aldundiak akordioa sinatu baitute Ribabellosan (Araba) tren horien ikerketa, garapen eta ekoizpen-zentroa sortzeko.
Talgok eskualdeko aldirietako prototipoa (Vittal One trena) prest dauka, eta bertan fabrikatuko da hain zuzen ere. Martxoan trafiko gutxiko bideetan lehen probak egitea aurreikusi da.
Petronorrek hidrogenoa sortzeko prozesuak urte amaierarako finkatuta izatea espero du eta Talgori erregaia emateaz arduratuko da. José Ignacio Zudairek, Petronorren ordezkari eta BH2C elkarteko presidente gisa, azaldu duenez, duela urte batzuetatik dagoen prozesua da, baina orain ari da sustatzen. “Energia iturri berria sartzeak denbora behar du beti”, gehitu du. Motorrak aldatzeaz eta azpiegiturak egokitzeaz gain, “heltze eta hasierako laguntza aldia ere beharko dira” finkatu ahal izateko.