BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkarteak 73 enpresa eta erakundek biltzen ditu eta hidrogenoa energia-industriatzat bultzatzea du helburu, Euskadin zein Europan neutraltasun klimatikorako trantsizio energetikoaren funtsezko osagaitzat jotzen den aldetik.
Egun, inoiz baino gehiago, deskarbonizazioak eta mendekotasuna murrizteak (energia-horniduraren segurtasuna bermatzearren) munduko ekonomian giltzarrizko garrantzia dutela, hidrogeno berdea bultzatu eta garatzea funtsezko faktore bihurtu da arrazoi estrategiko hauengatik:
- Energia berriztagarriak (batez ere eguzki-energia eta energia eolikoa) elektrizitate-sisteman modu masiboan sartzeko soluzioa ematen du, izan ere, energia horiek izaeraz ez dira kudeagarriak eta biltegiratzearen laguntza behar dute eskaintza eta eskaria egokitzeko.
- Soluzioa ematen dio atmosferara egindako CO2 isurpenak nekez ezaba ditzaketen eta gure industrian pisu handia duten sektoreak deskarbonizatzeko erronkari, siderurgia kasu.
- Horrez gain, erregai fosilak (petrolioa eta gasa) ekoizten dituzten herrialdeekiko mendekotasuna murrizten laguntzen du.
Hidrogenoaren Euskal Korridoreari atxikitako proiektuak aurrera ateratzeko 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 2.000 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sortuko dira.
Elkarteak Hidrogenoaren Euskal Korridoreari lotuta bultzatuko dituen proiektuak honako esparru hauei dagozkie:
- Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena.
- Banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika.
- Industriaren deskarbonizazioa.
- Hiri eta bizitegi erabilerak.
- Azpiegitura.
- Garapen teknologiko industriala.
Hauexek dira proiektu horietan parte hartuko duten enpresak: ABC Compressors, Aena, Ajusa, Alsa, AMPO, ArcelorMittal, Astilleros Murueta, Bilboko Udala, Balearia, BEFESA, Bilogistik, CAF, Calvera, Celsa NERVACERO, Hidrogenoaren Zentro Nazionala, Somorrostro Prestakuntza Zentroa, CIC energiGUNE, Cidetec, CIE AUTOMOTIVE, Energia Klusterra, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, EDAIR, ENAGAS Renovable, Enargi, Energiaren Euskal Erakundea, Erreka, Ferrovial, Fg Fidegas, Euskal Herriko Itsas Foroa, Hidrogenoaren teknologia berriak garatzeko Fundazioa, Tekniker Fundazioa, Garbiker, GHI, GHK, Giroa Veolia, H2Site, Hispacold, Ibaizabal, Idom, IET Ecology, Ikerlan, Ingeteam, INSERTEC, Integralia, Irizar, Irizar E-mobility, Jema Energía, Lecitrailer, Lurraldebus, MFS Sintering, MOBILITYADO-AVANZA, Mondragon Unibertsitatea, MUBIL, Naviera Murueta, Nippon Gases, Nortegas, Novargi Industries, OLIVERDESIGN, Optimus 3D, Orkli, Euskadiko Teknologia Parkeak, Petronor, Bilboko Portua, Repsol, Sarralle, Sener, Sidenor, Siemens Energy, SKV Bermeo, Solaris, Talgo, TCR, Tecnalia, Técnicas Reunidas, Tubacex, Tubos Reunidos, Euskal Herriko Unibertsitatea, Wartsila eta SIDEREX.