Ukrainako gerrak energia arloan (elektrizitatea, gasa eta petrolioa) eta mundu osoko milaka enpresaren kaltetan bultzatu duen prezioen igoeraren egungo testuinguruan, hainbat eztabaida azaleratzen ari dira hirugarren herrialdeekiko mendekotasun energetikoa hausteko premiaren inguruan, iturri berriztagarri berrien bidezko sorkuntza (hidrogenoa, esaterako) bultzatzeari buruz, eta energia-eraginkortasuna sustatzea xede duten arauak ezartzearen gainean. Helburu horri begira, euskal industria bere burua berrasmatzen ari da benetako balio erantsia duten proposamenen bitartez.
“Egoera honek errealismo ariketa azkar batera eraman gaitu. Energiak ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik iraunkorra izan behar duela adierazi digu, baita hornikuntzaren segurtasunari dagokionez ere. Akatsa da pentsatzea deskarbonizazioak tentsio geopolitikoak ezabatuko dituela, baina mendekotasunen eta indarguneen mapa aldatuko du. Europaren batasuna indartu egin behar da, eta jarduteko mekanismo malguagoak ezarri behar dira, lehia askea zaintzen dutenei eragin gabe. Arlo publikotik egoeraren arabera azkar lan egin behar da, eta poliki, epe luzera, estrategikoan lan egin”, azaldu du Unzuetak.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, Petronorrek, Iberdrolak eta bestelako erakunde eta administrazioek ingurumenaren hobekuntzara bideratutako ekimenak bultzatzearen aldeko apustu sendoa egin dute. Euskadi Europa mailako erreferentzia da deskarbonizazio-proiektuetan, ‘Basque Net Zero Industrial Super Cluster’ eta Hidrogenoaren Euskal Korridorea bezalako ekimenei esker
Elías Unzuetak Petronor-Repsolen iraunkortasunerako estrategiaren berri eman du, deskarbonizazioarekin eta gizartearen zein industriaren beharrekin lotutako eraldaketa gauzatuz. Eraldaketa hori lau zutabetan oinarritzen da: Konpainiaren Plan Estrategikoa; industria-eraldaketa, bere industria-zentroak energia eta ekonomia zirkularreko hub gisa ikusten dituena; digitalizazioa, prozesuak optimizatzeko eta bezeroen beharrekin elkarrekintzan aritzeko funtsezko gaitzaile gisa; eta trakzioa, ekosistemen sorkuntza eta garapen teknologiko industriala, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen kasuan bezala.
“Euskal industria, iraunkortasunaren erronkaren aurrean. Une historikoa” izenburua daraman topaketa José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak aurkeztu du, eta Unzuetarekin batera, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Manuel Ángel Alonso Pérez Telefonicaren Ipar Lurraldeko zuzendaria eta Marta Alvarez IDOMeko Lehiakortasun eta Berrikuntzako zuzendaria ere izan ditu partaide. Pablo García Bringas unibertsitateko Kanpo Harremanetarako eta Etengabeko Prestakuntzarako dekanordea arduratu da jardunaldia moderatzeaz.
Deustuko Ingeniaritzako Gosariak deritzon eztabaida-zikloa Ingeniaritza Fakultateak antolatzen du, eta eraldaketaren gakoetan sakontzea du xede, enpresa eta industria munduko adituen eskutik.