JAZARPENA PREBENITZEKO PROTOKOLOA

Imagen de acoso

1. Erreferentziako araudia

Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 2006/54/EE Zuzentaraua, enplegu- eta lan-gaietan emakume eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa erabiltzeari buruzkoa. Zuzentarauak jazarpen sexista eta sexu-jazarpena definitzen ditu eta xedatzen du egoera horiek baztertzailetzat jotzen direla eta, beraz, debekatu eta zigortu egingo direla, behar bezala, era proportzionalean eta disuasiorako asmoz. Sexu-jazarpenaren aurka borrokatzeko 1991ko azaroko 27ko Erkidegoko Jokabide Kodea da aipaturiko araua prebentzio-alorrean garatzeko xedapen europarra.

Aurretiaz aipaturikoa betetzeko eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 48. artikuluak xedatutakoarekin bat, alderdi sinatzaileek honako protokolo hau adostu dute.

Gizarte-ordenako arau-hausteen eta zigorren Legeak, 18.13 artikuluan, gizarteordenamenduaren arau-hauste larritzat jotzen du sexu-jazarpena, baldin eta enpresa-zuzendaritzaren ahalmenen esparruan gertatzen bada, subjektu aktiboa edonor izanda ere.

Arau berberaren 8.13.bis artikuluaren arabera, sexu arrazoiengatiko jazarpena oso arau-hauste larria da, enpresa-zuzendaritzaren ahalmenen esparruan gertatzen bada, subjektua edonor izanda ere, eta betiere enpresariak horren berri izanik, galarazteko neurririk hartu ez badu.

2. Printzipioen adierazpena

Pertsona orok du trataera xaloa, adeitsua eta duina jasotzeko eskubidea, bai eta laneko funtsezko eskubideak babesteko eskubidea ere. Protokolo honen asmoa da jazarpen moralik, sexualik edo sexuagatiko jazarpenik gerta dadin galaraztea, duintasuna urratzen duten jokabide horiek lan-ingurunea kaltetzen dutelako eta pertsonen osasunerako, konfiantzarako eta autoestimurako ondorio kaltegarriak eragiten dituztelako.

Alderdi sindikalak nahiz zuzendaritzaren ordezkaritzak, biek ala biek berariaz adierazi dute langileen lan-baldintzak hobetzeko eta segurtasuna eta osasuna babesteko maila handitzeko konpromisoa. Hala, kalte fisikoa ekar lezaketen arriskuen aurreko prebentzioa eta babesa zaintzeaz gain, osasun psikikoa kalte lezaketen arriskuen aurreko prebentzioa eta babesa ere sustatuko dute, eta hori prebenitzeko eta halakorik jasan dutenek gertatua salatzeko bideak zehazteko prozedura bereziak erabakiko dituzte.

Horren ondorioz, Berdintasun Batzordean negoziatuko diren neurriak ezarri ahal izango dira; adibidez, jardunbide egokien kodea prestatu eta zabaltzea, eta informazio-kanpainak eta prestakuntza-ekintzak burutzea.

3. Helburuak

Hauxe da protokolo honen helburua: Petronorren lan egiten dugun pertsonak jazarpen-morala, sexuala edo sexuagatiko jazarpena noiz ematen den identifikatzeko irizpideak zehaztea. Hala, langile batek jazarpena jasaten duela antzeman edo pentsatuz gero erabili ahal izango duen jarduera-prozedura bat zehaztuko dugu, egoera diskriminatzaileak konpondu edota, hala bada, ondorioak gutxitu eta pertsonen eskubideak bermatzeko.

Jarduera-prozedurak gauzatzeko, kontuan hartu beharko dira bizkortasun, konfidentzialtasun eta sinesgarritasun printzipioak, eta beti babestu beharko dira jazarpenaren pean dauden pertsonen intimitatea eta duintasuna. Gainera, salatutako pertsonen eskubideak ere bermatu eta errespetatuko dira.

4. Aplikazio-esparrua

Jazarria dela sentitzen duen pertsona orok jar dezake abian protokoloa, betiere inplikatutako alderdiek elkarren artean lan-harremana badute. Ustezko jazarpena PETRONOReko lantokiren batean gertatu bada eta gutxienez inplikatutako pertsonetako batek enpresarekin lan-harremana badu, ondoren arautuko den prozedura informala ezarri ahal izango da.

5. Definizioak

5.1 Jazarpen moral edo psikologikoa (mobbinga)

Lan-harremanean, zeharka nahiz zuzen, pertsonaren duintasuna gutxiestea edo erasotzea dakarren jokabide, portaera edo jardunbide oro, sistematikoki edota behin eta berriro egiten dena, erasotako pertsona emozionalki nahiz psikologikoki indarkeriaz edo asmo txarrez menderatzeko eta haren gaitasuna, lanbidesustapena edo lanpostuan irautea galarazteko helburuz. Horren ondorioz, pertsona zehatza ez ezik lan-ingurunea ere kaltetzen da.

Jazarpen moral motak:

  • Goitik beherakoa: antolamendu-egituran goragoko kargua duen pertsonak beheragoko kargua duen pertsonari egiten diona.
  • Horizontala: maila hierarkikoan dauden pertsonen artean egiten dena
  • Behetik gorakoa: antolamendu-egituran beheragoko kargua duen pertsonak goragoko kargua duen pertsonari egiten diona.

Besteak beste, honako jokabide hauek jazarpen morala izan daitezke:

  1. a) Langilea era iraunkorrean zeregin praktikorik gabe edo inkomunikatuta uztea, hori justifikatzen duen arrazoirik gabe.
  2. b) Langileari esleitutako baliabideez egiterik ez dagoen lana agintzea.
  3. d) Langilea alferrikako edo balio produkturik ez duten eginkizunak egiten jartzea
  4. e) Langilea behin eta berriro iraintzea edo gutxiestea.
  5. f) Behin eta berriro beste pertsona batzuen aurrean errieta egitea.
  6. g) Pertsonaren lanari edo bizitza pribatuari buruzko zurrumurru faltsuak zabaltzea.
  7. h) Langileari informazioa ezkutatzea.

5.2 Jazarpen sexista edo sexuagatiko jazarpena

Besteak beste, honako jokabide hauek sexuagatiko jazarpena izan daitezke:

  1. a) Pertsonari eta haren lanari egindako gutxiespen publiko eta errepikatuak.
  2. b) Haren alderdi fisikoari, ideologiari edo sexu-aukerari buruz egindako iruzkin umiliagarri etengabeak.
  3. d) Agindu umiliagarriak eman edota portaera umiliagarria izatea.
  4. e) Muturreko zaintza etengabea dakarten jokabideak.
  5. f) Eraso fisikoak.

5.3 Sexu-jazarpena

Adibide gisa, honako jokabide hauek sexu-jazarpena izan daitezke:

  1. a) Pertsonaren itxurari edo tankerari buruzko adierazpen iradokitzaile eta desatseginak, txisteak eta iruzkinak.
  2. b) Gonbidapen lizun edo konprometigarriak.
  3. d) Irudi edo poster pornografikoak jartzea lantokietan edo lantresnetan.
  4. e) Keinu lizunak.
  5. f) Behar ez den kontaktu fisikoa, ukitze arinak.
  6. g) Pertsonak ezkutuan behatzea leku berezietan, hala nola komunetan edo aldageletan.
  7. h) sexu-harremanetarako eskaerak, lehentasunezko trataeraren truke izango direlako hitzemate agerikoekin edo ez-agerikoekin batera, edota mehatxuekin eskaerari erantzun ezean (sexu-txantajea, edo trukekoa).

6. Jarduera-prozedura

6.1 Salatzeko prozedura

Salaketa jarri ahal izango du protokolo honen aplikazio-esparruan dagoen langile orok, bere burua jazarpen-biktimatzat jotzen duenak, edota jazarpen-egoeraren berri duen beste edozein pertsonak ere, ondoren zehaztuko den prozeduraren arabera. Salatzailea identifikatuta geldituko da.

Ondoren adieraziko diren prozedura formalaren eta ez-formalaren faseetan, Berdintasun Batzordeko kideek informazio puntuala jasoko dute.

PROZEDURA EZ-FORMALA

Gerta daiteke lehen fase batean ustez jazarria den pertsonak “Jazarpena Ikertzeko Instruktorearengana” jotzea ustezko jazarpen-egoerari buruzko aholkularitza bila. Fase horretan egoera hori Berdintasun Batzordeari jakinarazteko aukera eskainiko zaio, baina ez da horrela egingo pertsona horrek ezezkoa ematen badu.

Berdintasun Batzordeak erabakiko du Jazarpena Ikertzeko Instruktorea nor izango den. Ondorio horretarako, langileen alderdiaren eta enpresa alderdiaren gehiengoa behar izango da.

Gaur egun Aholkularitza Juridiko Sailaren burutzan dagoen pertsona izendatu da Jazarpena Ikertzeko Instruktoretzat.

Instruktore hori arduratuko da egoera ikertzeaz eta ondorioen txostena idazteaz.

Prozeduran sartuta dauden langileek ordezkatuko eta aholkatuko dituen norbaiten laguntza izan dezakete uneoro.

Lehen fase horren ondoren, ustez jazarrita dagoen pertsonak erabakiko du salaketa formalizatuko duen ala ez.

Prozedurarekin jarraitzea erabakitzen badu, idatzizko salaketa prestatu eta posta elektronikoz edo beste edozein bidez (betiere salaketa eginda dagoela frogatzen duen bitartekoren batez) helaraziko die ‘Jazarpena Ikertzeko Batzordea” osatzen duten pertsonei. Salaketaren berri emango zaio Berdintasun Batzordeari.

Salaketak honako informazio hau izan beharko du: ustezko erasotzailearen identifikazioa, inplikatutako pertsonak, portaera mota, portaera horiek izandako tokiak eta egunak, egon litezkeen lekukoak eta garrantzizkoa izan daitekeen beste edozein informazio.

Salaketa osorik egongo ez balitz, salatzaileak 10 egun baliodun izango ditu egoki betetzeko; bestela, artxibatu egingo da.

Jazarpena Ikertzeko Instruktoreak ahalik eta lasterren jakinarazi behar dio salatuari beraren aurkako salaketa jarri dutela.

Salaketa jarri ondoren, haren egiazkotasuna baieztatzeko prozedura konfidentzial eta bizkorra abiaraziko da.

Fase horren helburua zera da: arazoa estraofizialki konpontzea; batzuetan, aski da ustezko erasotzaileari beraren portaerak dakarren ondorio laidogarriak azaltzea, arazoa bere horretan konpontzeko.

Jazarpena Ikertzeko Instruktorea pertsona kaltetuarekin bilduko da eta ustezko erasotzailearekin ere biltzeko aukera izango du. Behar-beharrezkoa izanez gero, biekin biltzeko aukera ere egongo da, betiere jazarpen-egoera argitzeko eta bi aldeek onartuko duten irtenbidea bilatzeko asmoz.

Ondoren txostena prestatuko da, azken elkarrizketatik zenbatuta hamar egun igaro baino lehen. Lehenengo eta behin salatzaileari emango zaio eta, hala bada, Berdintasun Batzordeari ere bai. Horrekin emango da amaitutzat prozesua. Aparteko kasuetan, ordea, beste 10 egunez luzatzeko aukera dago.

Txosten horren emaitzan oinarrituta egingo dira egokitzat jotzen diren jarduketak, prozesu formala barne, baldin eta bi alderdiek proposatutako irtenbidea onartuko ez balute eta, nolanahi ere, biktima ados egongo ez balitz.

PROZEDURA FORMALA

Prozedura ez-formalak emaitzarik lortzen ez badu edo arazoa konpontzeko egokia ez bada, prozedura formalera joko da.

Fase horretan, informazioa bildu eta Ikerketa Instruktoreak beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak egingo dira: txostenak, elkarrizketak, etab.

Prozeduraren lehen fasean, eta jazarpen-kasua izan daitekeela aditzera ematen duten aztarna argiak badaude, instruktoreak, Berdintasun Batzordeko ordezkari sindikalekin batera, egokitzat jotzen dituzten badaezpadako neurriak hartu ahal izango ditu. Neurri horiek, ordea, ez diote kalterik eragingo ustez jazarria izan den pertsonaren lan-baldintzei, eta ez dute ekarriko baldintza horiek nabarmen aldatzea.

Salaketa egiazkoa dela baieztatzeko egokitzat jotzen den informazio osagarria bilduko da. Bizkor eta zuhur jardun beharko dute. Bi alderdien errespetua eta sentiberatasuna gordeta egingo dira salaketari buruzko ikerketak.

Ikerketa-fase horretan:

  • Inplikatutako pertsonei (salatuari eta salatzaileari) deklarazioa hartuko zaie.
  • Lekukoei edo beste pertsona interesgarri batzuei (buruei, lankideei, laguntzaileei…) deklarazioa hartuko zaie.
  • Jazarpen motetan adituak diren pertsonen laguntza eskatu ahal izango da.
  • Egokitzat jotzen diren txosten eta proba guztiak egingo dira, dela ofizioz, dela alderdiek eskatuta.

Salatzaileak hala eskatzen badu, salatuarekin leku berean bat egitea saihestuko da. Beharrezkoa balitz, ordezkari baten bidez ere jardun ahal izango du.

Ez da errepresaliarik hartuko jazarpena salatu eta ikerketan lekukotza eman, lagundu edo parte hartzen dutenen aurka, ez eta beraiei zuzenean nahiz hirugarren bati eragin dizkiotenean, halako portaerei aurre egin eta kritikatzen dituzten pertsonen aurka ere.

Ikerketa-fasea amaituta, ikerketa-instruktoreak ustezko jazarpenari buruzko txostena idatziko du hamabost eguneko epean, elkarrizketak/probak amaitzen diren egunetik aurrera zenbatuta. Txosten horren ondorioak elkarrekin prestatuko dituzte instruktoreak eta Berdintasun Batzordeak. Txostena idazteko epea luzatu egin liteke, txosten teknikoak eskatzen direnean. Salatzaileari txostenaren edukiaren berri emango zaio.

Txosten horrek honako informazio hau bilduko du:

  • Ikerketa Instruktorearen ustez probatutzat dauden gertaeren laburpena.
  • Ikerketa Instruktoreak zuzenean edo haren aurrean egindako diligentzien laburpena.
  • Partaide bakoitzak emandako argudioen laburpena.
  • Ondorioak.

Prozesu ez-formaleko nahiz formaleko faseetan kontu egingo da prozeduraren konfidentzialtasuna eta pertsonen duintasuna babesteko. Uneoro babes nahikoa eskainiko zaio biktimaren eta salatzailearen segurtasunari eta osasunari, eta ustezko jazarpenak ez jarraitzeko behar diren neurriak hartuko dira. Horretarako behar diren badaezpadako neurriak proposatuko dira, egoerak dakartzan ondorio fisiko nahiz psikologikoak zainduz eta batez ere biktimaren laneko inguruabarrari erreparatuta.

6.2 Instrukzioaren emaitza eta ekintzak

Jazarpenik badago, Lan Harremanen Saileko Buruari jakinaraziko zaio, ondoren zehaztutako diziplina-erregimenaren araberako neurri zuzentzaile eta zigortzaileak ezartzeko salatuari. Aparteko kasuetan, inguruabarrak direla eta beharrezkoa denean, jazarpen-espedientearen instrukzio-fasea amaitu aurretik ere ezar daiteke diziplina-espedientea.

Se facilitará la asistencia psicológica y facultativa a la víctima o victimas cuando éstas lo requieran.

En el supuesto de ser necesario el cambio de puesto de trabajo, la persona acosada tendrá la opción de permanecer en su puesto o la posibilidad de solicitar un traslado que será resuelto favorablemente en breve plazo y no podrá suponer detrimento en sus condiciones laborales.

Biktimak edo biktimek hala eskatzen badute, laguntza psikologikoa eta medikuarena emango zaie.

Lanpostua uzteko beharra badago, jazarritako pertsonak bere lanpostuan irauteko edo lekualdatzea eskatzeko aukera izango du. Eskaera horri epe laburrean emango zaio oniritzia, eta biktimari ez dio eragingo lan-baldintzetan atzera egitea.

Jazarpenik antzematen ez bada edo ezinezkoa bada gertaerak egiaztatzea, espedientea artxibatu egingo da

Salaketa, adierazpena edo aitorpena gaiztoa edo dolozkoa dela ikusten bada, diziplina-jardunbidea ekar dezakete

7. Falten eta zigorren tipifikazioa

7.1 Faltak

OSO FALTA LARRIAK izango dira:

  1. a) Sexu-txantajea, hau da, enplegua eskuratzearen, enplegu-baldintza zehatz baten edo enplegua mantentzearen truke, biktimak sexuizaerako ekintza bat egin behar izatea, nahiz eta ageriko edo ezkutuko mehatxua benetan gauzatzera iritsi ez.
  2. b) Ingurumen-jazarpena eta jazarpen sexista. Hau da, sexu izaerako edo izaera sexistako lan-ingurune beldurgarria, erosgarria edo umiliagarria sortzea, baldin eta gertaeraren larritasunagatik eta inguruabarrengatik, eta proportzionaltasunaren printzipioa ikusita, oso falta larritzat jo ahal bada. Dena dela, eraso fisikoa beti oso larritzat joko da.
  3. d) Errepresaliak hartzea jazarpena salatu eta ikerketan lekukotza eman, lagundu edo parte hartzen dutenen aurka, edo/eta beraiei zuzenean nahiz hirugarren bati eragin dizkiotenean, halako portaerei aurre egin eta kritikatzen dituzten pertsonen aurka ere.
  4. e) Salatua ebazpen judizialaren bidez delitua egiteagatik zigortu badute.

FALTA LARRIAK izango dira:

  1. a) Gonbidapen lizun edo konprometigarriak.
  2. b) Lankideei zuzendutako keinu lizunak.
  3. d) Behar ez den kontaktu fisikoa, ukitze arinak.
  4. e) Pertsonak ezkutuan behatzea leku berezietan, hala nola komunetan edo aldageletan.
  5. f) Pertsonei eta haien lanari buruzko deskalifikazio publikoak egitea jendaurrean edo behin eta berriro.
  6. g) Pertsonaren alderdi fisikoari, ideologiari edo sexu-aukerari buruz egindako iruzkin gutxiesgarri etengabeak.
  7. h) Agindu kontraesankorrak eta, beraz, aldi berean betetzeko ezinezkoak ematea.
  8. i) Agindu gutxiesgarriak ematea.
  9. j) Muturreko zaintza etengabea dakarten jokabideak.
  10. k) Pertsona bat bakartu eta inkomunikatzeko agindua.
  11. l) Larritasun-maila bera duen beste edozein gertaera.

FALTA ARINAK izango dira:

  1. a) Pertsonaren itxurari edo tankerari buruzko adierazpen iradokitzaile eta desatseginak, txisteak eta iruzkinak; eta apropos egindako ahozko gehiegikeria lizunak
  2. b) Lantokian eta lan-tresnetan irudi eta poster pornografikoak jartzea, betiere falta larritzat jotzen ez bada.

Nolanahi ere, inguruabar astungarritzat joko da nagusitasun hierarkikoa aprobetxatuz abusatzea, bai eta jokabide iraingarriak mantentzea biktimak irtenbidea bilatzeko prozedurak erabili ondoren. Maltzurkeria (hau da, subjektu aktiboa zigorgabe gelditzera zuzendutako bitartekoak, jardunbideak edo moduak erabiltzea) ere astungarritzat joko da.

Inguruabar aringarriak izango dira:

  1. a) Espedientean zigorrik ez izatea.
  2. b) Berez damutu delako edo faltaren ondorioak konpondu edo arintzeko, erasotako pertsona gogobetetzera bideratutako ekintzaren bat egitea, edo egindakoa aitortzea..

7.2 Zigorrak

Honako hauek izango dira ZIGORRAK, proportzionaltasunaren printzipioari jarraiki:

FALTA ARINAK:

Ahozko kargu-hartzea, idatzizko kargu-hartzea, enplegua eta soldata bi egunez etetea.

FALTA LARRIAK:

Hilabete bat eta hiru hilabete bitartean lekualdatzea, enplegua eta soldata hiru egunetik hamasei egunetara etetea.

OSO FALTA LARRIAK:

Enplegua eta soldata hamasei egunez etetea; laneko kategoria sei hilabete eta egun batetik hasi eta behin betiko galtzea; hiru hilabetetik urtebetera bitartean lekualdatzea; behin betiko lekualdatzea eta kaleratzea.

Prozedura hori erabiltzeak ez du esan nahi biktimak ezin duenik horrekin batera kanpoko prozedura judiziala erabili, “babes judizial eragingarriaren” oinarrizko eskubidea erabiliz.

8. Jarraipena

Petronorreko Berdintasun Batzordeak egingo du salaketen jarraipena, konfidentzialtasun-berme osoarekin. Prozeduran zehar egiten diren jakinarazpenetan espediente-zenbaki bat erabiliko da, jazarritako pertsonaren izena aipatu gabe.

Berdintasun Batzordeak arreta egingo du jazarpenagatiko salaketa konpontzeko prozeduran parte hartzen duten pertsonek, dela salatzaileek, dela lekukoek, dela informazio-emaileek, ez dute mehatxurik, bazterkeriarik, jazarpenik edo errepresaliarik izango.