HISTORIA
Petróleos del Norte (Petronor) 1968ko azaroaren 30ean sortu zen, petrolioaren produktuak eta horien deribatuak fintzeko eta merkaturatzeko xedez.
Petronorreko hasierako sustatzaileen artean, besteak beste, Bizkaiko lau banketxe eta kutxa nagusiak (Banco Bilboko Banketxe eta Bizkaiko Banketxea % 9 banako, Bizkaiko Aurrezki Kutxa eta Bilboko Kutxa % 4,5 banako) egon ziren. Hala, bada, sustatzaile horien ekarpenari esker, kapitalaren % 28 Euskaditik bertatik jaso zuen Petronorrek.Konpainia sortu eta urte gutxira, 1972an, Iberiar Penintsulako ahalmen handieneko findegia jarri zuten bertan martxan. Findegi hori Europako garrantzitsuenetarikoa ere bazen. Faktoriak 6 milioi tona gasolio gordin prozesatzen zituen hasieran, eta, hamarkadaz hamarkada, berritzeko eta hobetzeko prozesuan izan da etengabe. Hala, 11 milioi tona petrolio baino gehiagoko negozio-bolumena du gaur egun.
Petronorrek, Muskizko Findegia eraikitzeaz batera, Bilboko superportuaren zati handi bat finantzatu zuen 70eko urteetan, eta horixe izan zen bere inguruan egin zuen lehen ekimenetariko bat. 1980ko hamarkadara iritsi arte ia geldirik egon zen arren proiektu hori (ordu arte kai-mutur bakarra eraiki zuten), Petronorrek, lehiakortasuna sendotzeko portu garrantzitsu batean jarduteak zer garrantzitsua zen jakinik, ia hasiera-hasieratik erabili zuen portua, eta petrolioa Muskizeraino garraiatzeko oliobide txiki bat eraiki zuen.
Nolanahi ere, ez zen hori izan konpainiak lehiakideetatik bereizteko erabilitako estrategia bakarra.
Bilboko Athleticekin jokalarien elastikoetan babesle agertzeko sinatutako hitzarmena izan da Petronorren historiaren beste une azpimarragarri bat; bada, Bilboko kirol talde horren 110 urteko bizitza luzean jantzietan publizitatea ezarri duen lehen enpresa izan da gurea.
Modernizatzen jarraitzeko grina bizi-bizirik dirau Muskizko instalazioetan, eta garai berriei eta merkatuen gorabeherei egokitzen jakin izan du beti. Horren erakusgarri dira Petronorrek hartu berri dituen URF (coque instalazioa) eta bioerregaien proiektuak.
IKURRAREN JATORRIA
Petronor bere sorlekuari errotu izan zaio beti, eta jatorri horri gorazarre egiteko asmoz, P koskaduna hartu zuen merkataritza-ikurtzat, Muñatones gazteluko, almenen adierazgarri. Izan ere, findegiaren ondo-ondoan dago 1339ko gaztelu hori, Muskizko udalerrian.
Teknologiaren aldeko bete-beteko apustua egin izan du betidanik, eta, bide horretatik, besteak beste, berunik gabeko gasolina ekoitzi zuen Espainiako lehen findegia izatea lortu zuen Petronorrek 1986an.
Handik gutxira, 1987an, CAMPSAren monopolioa amaitzeaz batera, beste mugarri bat ezarri zuen Petronorrek: lehen gasolindegi-zerbitzuak jarri zituen abian. Gaur egun 370 gasolindegi inguru kudeatzen ditu Repsolek.