cervinus

Muxar haundia

Areatzako hondartzaren ondoko labarretan eta haitzetan aurki ditzakegun arrainik ederrenetako bat da muxar handia (Diplodus cercvinus). 60 zentimetro luze izan daiteke eta 5 kiloko pisua eduki dezake, baina ohikoena 30-40 zentimetro luze inguru izatea eta kilo eta erdiko pisua edukitzea da. Bere ugalketa-zikloaren xehetasunak ez dira ongi ezagutzen oraindik ere, baina jakin badakigu udaberrian erruten duela. Arrautzek planktona osatzen dute errun eta 6 edo 11 egunetara eklosionatzen duten arte -uraren tenperaturaren arabera-.




Hasieran, larbak fitoplanktonarekin eta zooplanktonarekin elikatzen dira, baina gero, 9 milimetro luze direnean, hondora jaisten dira.Haien bizitzaren lehen etapetan, gazteak kostaldera hurbiltzen dira eta badia eta estuario babestuak bilatzen dituzte - Barbadunekoa esaterako- eta han elikatzen dira sexu-heldutasuna lortzen duten arte.

Hazi ahala, gero eta sakontasun handiagora jaisten doaz eta azaleko uretara edo ur-ertzera elikatzeko bakarrik hurbiltzen dira.

Hiru metrotik aurrera bakarrik aurki daitezke ale gazteak eta, sakontasun handiagoetan egoten direnez, zailagoak da helduak ikustea.

sargo imperial

Euskal kostaldean bizi diren beste muxar batzuek ez bezala, "ezpaina lodiak" dituen muxar handia animalia bakartia da eta ez da bere bezalakoen ondoan bizi. Azkar mugitu nahi ez duenean, bizkarraldeko hegalaren zati bigunarekin egindako uhinak eta bularraldeko giharrak bakarrik erabiltzen ditu, baina oso urruti joan nahi duenean gorputzaren atzealdea mugituz egiten du igeri, isatseko hegalaren eta pedunkuluaren mugimendu indartsuekin.

Euskal kostalde osoko are eta haitzezko hondoetan aurki daiteke muxar handia, Hondarribitik Korabonera.

EZAUGARRIAK

Muxar handiak beste muxarrek baino gorputz altuagoa eta askoz ere zabalagoa du.

Ezkata lodi eta sendoz du estalita gorputza, horietatik 58 edo 60 ondo markatuta dagoen alboko lerroari itsatsita. Hondoko kolorea gris zilar kolorekoa da eta bost lerro zabal marroi ditu zeharka. Lerro horien zabalera haien artean dagoen tarte argia baino zabalagoa da.

Burua handia da helduetan eta ezpainak lodiak eta mamitsuak dira. Begiak, aldiz, txikiak dira gorputzarekin alderatuz. Barailako aurreko parteko hortzak ebakortzak dira, zuzenak, estuak eta lerro bakar bat osatzen dute. Alboetakoak, aldiz, haginak dira, handiak eta bi lerro osatzen dute -hiru ere bai batzuetan- beheko barailan.

Orain gutxira arte, Diplodus trifasciatus izena ematen zitzaion, Rafinesquek eman ziona, berak sailkatu baitzuen lehenengo aldiz, baina beranduago, hainbat eta hainbat izen eman zaizkio sailkatzailearen arabera. Azkenean, Valenciennesek 1830ean eman zion Diplodus fasciatus eta Lowek, 1833an, eman zion Diplodus cervinus, izena (handik gutxira Valencienesek egiaztatu zuena) eman zen ontzat.

 

 

BITXIKERIAK

imperial

Muxar mota honek anelidoak, krustazeoak eta moluskuak jaten ditu gehienbat eta erraz bereiz daiteke gorputza zeharkatzen dituen lerro marroiengatik. Bakarrik bizi da haitzak dituzten hondoetan, 5 edo 10 metroko sakonerara, eta algak dituzten haitz-arezko hondoetan.