Carlos Pouso: “entrenatzaileak etekin gehiena atera behar dio bere taldeari”

Angel Viadero Sestao Riverren entrenatzaileak eta Carlos Pouso zein Axier Intxaurraga Mirandesen eta Amorebietaren entrenatzaile ohiak, hurrenez hurren, hitzaldia eskaini zuten atzo, Muskizen, “Futbol entrenatzailea XXI. Mendean” duen irudiari buruz.

Entrenatzaileengan emaitzek eragiten duten mehatxua eztabaidatu ziren lehen gaietako bat izan zen.  Angel Viaderok hurrengo azaldu zuen: “hiru jaitsiera izan nituen eta jarraian bota naute, gogorra da; disfrutatu beharren sufritzen nuen, baina orain gauzak modu ezberdinean ikusten ditut eta nire lana, disfrutatzen, egiten dut, pozik”. Carlos Pousok bere aldetik “entrenatzailea txartel askorekin” ateratzen dela esan zuen, “baina gero txartel horiek pixkanaka galtzen joaten zara; kirol honen beste aldea da eta ondo daramat. Gauzak txarto joaten direnean sufritzen duzu baina asko gustatzen zait hau eta negozioaren partetzat hartzen dut”. Axier Intxaurragarentzako “protagonista nagusiak jokalariak dira eta guk etekin gehiena atera behar diegu eta beti babestu; helburua laguntzea da”.

Entrenatzaile on batek izan behar duen jokaerari buruz Viaderok hurrengoa esan zuen: “entrenatzailea benetakoa izan behar da, bera izan, eta taldea kudeatzen jakin behar du, beraien onena atera. Jokalariek konpromisoa hartu behar dute eta helburu bakarra izan, egoera bakoitzean inplikatu behar dira eta proiektuaren parte izan”. Pousok bere aldetik “entrenatzaileak taldeari etekin gehiena ateratzen jakin behar” duela azaldu zuen, “aldagela norabide berean joan behar da eta islatu nahi duzuna ikusi behar duzu, guztiak inplikatzen direla ikusi”. Ildo beretik, Intxaurragak “talde bat zure gustura osatzen baduzu, jokalari konprometituekin, pozik egon” behar zarela esan zuen, “eta bide berdina jarraitu”.

Hitzaldian zehar entrenatzaile bakoitzak dituen joko taktikez ere mintzatu ziren. Amorebietaren entrenatzaile ohiak hurrengoa azaldu zuen: “entrenatzailea bere jokalarietara, eta kalitatera, moldatu behar da. Oinarri batzuk negoziaezinak dira baina gero dauzkazun jokalarietara moldatu behar zara”. Mirandesen entrenatzaile ohiak Axierrekin ados azaldu zen: “zuk aurrez osatutako sistema daukazu baina gero aldaketak egin behar dituzu”. Sestaoren teknikoak, bere aldetik, ez du sistemetan sinesten: kontzeptuetan sinesten dut, ideia batean. Hoberena ateratzen saiatzen zara, jokalariak bat etortzeko”.

Ordu batean zehar, hiru entrenatzaileek beste gai batzuk jorratu zituzten: futbolaren garapena, alderdi fisiko zein teknikoan izandako hobekuntzekin, Barçaren joko ona, talde zein jokalariei, egindako “kaltea”, konparaketak, etab.

BYP Eventos Deportivosek antolatutako eta Petronorrek babestutako, hitzaldia amaitzerakoan Athleticen jokalari guztiek sinatutako kamiseta zozkatu zen. Jon Andoni Ortuzar izan zen irabazlea. 

Argazkiak, hemen.