Petronorrek eta Somorrostro Irakasguneak prestakuntzaren arloko hitzarmena sinatu dute produkzioko langileen kontratazioa prestatzeko

Petronorrek eta Somorrostro Irakas-guneak -Lanbideren kolaborazioarekin- lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur operadoreen ikastaroa egite aldera; ekimen horren bidez, plantan lan egiteko gauza diren hautagaiak biltzen dituen lan-burtsa eduki ahal izango da, eta horrela, hautagai horiek inoizkotan petrolio-findegian lan egitea erraztuko da. Ekitaldian, Irakas-gunearen zuzendari Juan Manuel Seco eta Petronorren kontseilari delegatu Andreu Puñet ez ezik, Adolfo Alustizak ere parte hartu du, Lanbideren zuzendari legez.

Hitzarmen horren xedea ondokoa da: Petronor-en Produkzio arloan kokatu beharreko lanpostu guzti-guztietan lan eraginkorra eta segurtasun osokoa egiten dela balidatzea; hori erdieste aldera, prestakuntzaren arloko ibilbide zehatza taxutu da, arestion aipatu arloan langile berriak sartzea prestatzen eta bermatzen duena. 

Inbertsio estrategiko berriak abiaraztearen ondorioz plantillan sartzeko gai diren pertsona ondo trebatuak edukitzea da hitzarmen horren xedea, baita aurre-erretiroen alorreko programaren ondorioz sortzen diren lanpostuak bete ahal izatea ere. Zehazki, 2019. urtera arte, 48 operadore erretiratuko dira Petronorren, eta beste 30 operadore inguru behar izango dira lan-burtsa sortzeko.

Horrezaz gainera, tokian tokiko enpleguarekiko konpromisoari jarraiki, ikastaroak beren beregi planteatzen du Petronorren petrolio-findegiaren inguruneko eragin-eremua eta Somorrostro Irakasgunea bera lehenestea. 

Ekitaldian zehar, Juan Manuel Seco pozik aurkeztu da Petronor eta Lanbiderekin itun honetan parte hartzeagatik, “prestakuntza ikastaro espezifikoak egiteko, etorkizunean findegira lanera sartzeko beharrezkoa den kualifikazioa lortu dezaten”. Ildo beretik, Andreu Puñetek hurrengoa azpimarratu du: “datorren 4 urtetan 48 langile erretiratuko dira Findegian, eta 30 lanpostu sortuko dira. Honako hau Somorrostro Irakas-gunearekin batera egingo dugun ikastaroaren bidez beteko da, gure inguruko ikasleak lehenetsiz, %60a”.

Adolfo Alustizak bere aldetik gaurko ekitaldia oso garrantzitsua dela aipatu du, “bitartekotzaren arrakasta enpresak behar duenaren eta barneratuko diren pertsonen perfilaren arteko orekan oinarritzen da”.

Ikastaroaren ezaugarriak

Enpresak plantako operadoreen lan zehatzarekin loturik dauden eduki teknikoak ezartzeko ardura izango du eta Irakas-guneak, berriz, prestakuntzaren alorrean eskatzen diren ikasgaiak ematea, betiere hori guztia Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatuz. 

Prestakuntzaren arloko prozesu horretan bi atal bereiziko dira. Alde batetik, fase teorikoa, gutxi gorabehera 290 orduko iraupena izango duena; fase hori Somorrostro Irakas-gunean zein Petronorren instalazioetan emango da. Beste alde batetik, lanekoak ez diren praktiken fasea, 850 orduko iraupena izango duena; fase horretan Findegiak eta Irakasguneak ezarriko dituzte tutoreak. 

Hitzarmena bi alderdiek beren beregi adierazita luzatu ahal izango da, eta 2015eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Epealdi horretan, hiru ikastaro ematea aurreikusi da, eta guztira, gutxi gorabehera, 80 izango dira ikasleak. 

Ikastarootan, portzentaje oso handi batean, Muskizko, Abantoko zein Zierbenako udalerrietatik datozen ikasleek jardungo dute. Argibide gisa, ikasleen %60a Somorrostroko Haranetik datozen gazteek osatzen dute (%40 Muskizkoak dira, %12 Abantokoak eta %8 Zierbenakoak), eta gainerako %40a, berriz, Bizkaiko gainerako udalerrietako gazteek.

2013/2014 ikasturteko bekak

Hitzarmena sinatu ostean, LHko bekak eman zaizkie 2013/2014 ikasturteko 37 gazte onuradunei; beka horiek Petronorrek eta Repsol Fundazioak batera deitutako seigarren edizioari dagozkio. Zehazki, Muskizko 22, Abanto-Zierbenako 13 eta Zierbenako 2 gazte izan dira bekon onuradunak.

Beka bakoitzaren zenbatekoa 800 eurokoa izan da eta 29.100€ ikasturte honetako inbertsioa. Guztira, 2008. urtean laguntza-programa hori abiarazi zenetik, 338 ikaslek jaso dituzte bekak; horrenbestez, Petronorrek eta Repsol Fundazioak 818.420 euroko baterako ekarpena egin dute azken urte hauetan. 

Muskizen, 2014ko azaroaren 6an

Argazkiak, hemen.

Bideoa, hemen.

Bideoa Youtuben, hemen.