Petronorrek bere lehenengo Udaleku Teknologikoak aurkeztu ditu

Javier Laiseca, Borja Liaño eta Gualber Atxurra akordioa udaleku teknologikoak
Javier Laiseca, Borja Liaño eta Gualber Atxurra, gaur goizean.
Petronorrek, Muskizko Udalarekin eta Somorrostro Prestakuntza-Zentroarekin batera, uztaileko lehen hamabostaldian Meatzaldeko herrian euskara hutsez egingo diren Udaleku Teknologikoen lehenengo edizioa aurkeztu du gaur goizean.

Haurrei programatzeko trebetasunak ematea da Edurobotic-ek antolatutako udaleku hauen helburu nagusia. Javier Laiseca Somorrostro Prestakuntza-Zentroaren zuzendariak Muskizko Udalarekin eta Petronorrekin, “gure gazteen prestakuntzan zuzenean eragiten duten ekimenetan atsegin handiz”  kolaboratzen dutela aipatu du.

Gaur egun, laneko zein irakaskuntzako edozein esparrutan, ordenagailuarekin batera jardun behar dugu. Horregatik, mesedegarria da txikitan programatzen ikasteak eskain ditzakeen trebetasunak hartzea (arazoak sinplifikatzea, arrazoibide logikoa, taldeka lan egitea…). Oraingo haurrak digitalak dira sortzez, eta “teknologia kontsumitzera” ohituta daude, baina ez teknologia sortzera. “Gailuetatik” ateratzea ezinezkoa dela dirudien arren, ez dirudi ideia txarra denik denbora hori tarteka “pentsatzeko eta sortzeko” erabiltzea, eta ez bakarrik inguruari “begira egoteko”.

Hori dela eta, Petronorrek euskarazko Udaleku Teknologiko hauek abian jartzea erabaki du, 2005 eta 2010 urteen artean jaio eta Muskizen, Zierbenan edo Abanto-Zierbenan erroldatuta dauden ikasleei zuzenduta. Zentzu honetan, Gualber Atxurra findegiaren Erakunde Harremanen teknikariak Petronorren konpromisoa azpimarratu du, “inguruarekin dugun kolaborazioan haratago joateko”,  kasu honetan ikuspuntu ludiko-hezigarriaren bidez.

Astero, 12na ikasle dituzten 2 talde sortuko dira. Guztira, 48 neska-mutilek parte hartuko dute ekimen honetan. Udalekuak Muskizko Gaztegunean eta Forlaneko multimedia gelan egingo dira, goizeko 9:30etatik 13:30etara, uztaileko lehenengo bi asteetan (hilaren 3tik 7ra eta 10etik 14ra bitartean). Borja Liaño Muskizko alkateak hurrengoa azaldu du: “uda heltzen da eta klaseak amaitu dituzten ikasle asko ditugu, ikasten jarraitzeko denboraz, aisialdiaren bitartez. Horregatik Udalak hiru hanka hauek konektatu ditu, gure gazteek aisialdirako denbora hau bete dezaten, kasu honetan robotika ikastaroekin”.  

Etxeko txikienek lehenengo pausoak eman ahal izango dituzte programazioaren munduan, “Hour of Code”, KODU eta Scratch bezalako tresnen laguntzaz. Horrez gain, LEGO WeDo-ri esker, ordenagailutik programatuko dituzten robot-ereduak eraiki eta BeeBot izeneko erle bat gidatu ahal izango dute, helmugara behar bezala irits dadin.

Nagusiagoek, aldiz, Scratch deritzon tresna erabiliko dute programatzen ikasteko, eta horrekin batera, SPC-Makeblock-en mBot robotez baliatu ahal izango dira haien arteko sumo-borrokak eta lehiaketak antolatzeko. Tinkercad-ekin 3Dan diseinatzen eta Minecraft-ekin zirkuitu logikoak eraikitzen ere ikasiko dute.

Petronorrek %50an babesten duen jarduera honen azkeneko prezioa 45 eurokoa da eta izena emateko Muskizko Gaztegunera jo behar da, gaur hasi eta ekainaren 23ra bitartean.

Argazkiak, hemen.