Muskizko Enplegu Anezkak zortzi lan-munduratze bultzatu ditu dagoeneko

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru diputatua, Jose Ignacio Zudaire Petronorren Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendaria eta Gloria Mugika DEMAren zuzendari gerentea, gaur, anezkaren partaideekin.
  • Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak Anezka hau bisitatu du Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendariarekin batera
  • Legealdiaren amaieran, foru programak hogei bat Enplegu Anezka baino gehiago izango ditu, eta guztien artean, berrehun pertsona inguru lan-munduratzen lagunduko dute

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru diputatuak, Jose Ignacio Zudaire Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendariarekin batera, dagoeneko zortzi pertsonaren lan-munduratzea bultzatu duen Muskizko Enplegu-Anezka bisitatu du gaur goizean.

Legealdiaren amaieran, enplegagarritasunari laguntzeko foru programa honek hogei bat Enplegu-Anezka baino gehiago izango ditu Lurralde Historikoan zehar, eta guztien artean, berrehun pertsona baino gehiago lan-munduratzen lagunduko dute.

Muskizko Enplegu-Anezka Petronorren laguntza finantzarioaz eta DEMA Enplegua eta Ekintzailetza sustatzeko Foru Agentziaren kudeaketaz abiarazi da, eta jarduera-aldia amaitu gabe duen honetan, aipatutako zortzi lan-munduratzeak lortu ditu dagoeneko, hasierako 20 parte-hartzaileen artean.

Muskizko Enplegu-Anezka hau da Meatzaldean abiarazi den bigarrena (aurrekoa Trapagarangoa da), eta honen funtzionamendua, gainekoena bezalaxe, Santa Maria La Real Fundazioak asmatutako metodologian oinarrituta dago. Hogei bat pertsona aukeratu zituzten enplegua berraktibatzeko ekimen honetarako, eta bost hilabeteko prozesuan, eguneko lau orduko errutinak hartu zituzten, asteko lau egunetan, jarduera osagarriei eskainitako denboraz gain.

Pertsona horien jarduerak iraun duen bost hilabete horietan, talde-lana lantzeko taldekako saioak egin dira, baita Anezkaren koordinatzaileak bideratutako saioak, enpresekiko harreman zuzenak, foro, topaketa nahiz ekitaldietako parte-hartzeak, negozio-ideia propioetarako ibilbideak eta boluntariotza korporatiboari laguntzeko ekimenak ere. Pertsonak aktibatzeko gaitasuna da Anezken garrantziarenb gakoa. Elkarrekin lan egin eta elkarri lagundu eta ahaleginak eta emaitzak gehitzen dituzten pertsonen arteko talde solidarioak dira.

Enplegu-Anezkak dira Aldundiak langabeziari aurre egiteko abiarazi dituen programetako bat. Esparru honetako lan-ildo guztiek gure Lurraldeko 10.000 langabeturengana baino gehiagorengana iristea ahalbidetzen dute urtero.