Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkarteak (Hetel), BBKk eta Euskaltel Fundazioak babestutako kanpaina honetan, Noelia Tejerina eta ikasketa teknikoak dituzten beste neska batzuk hamar bideotako protagonista bihurtu dira, egungo enpresan duten lanaren nondik norakoak azaltzeko. Bideoen osagarri gisa, “beldurrik eta baliabiderik gabe bide berri bat jorratzea” erabaki zuten hainbat esparrutako lau emakume aitzindarik egindako iragarkia landu da, Garbiñe Biurrun epailea tarteko, baita kartelak ere ikasgelan lan egiteko.
Horren harira, Petronorrek hamarkada bat baino gehiago darama prestakuntza teknikoaren aldeko apustuan. Hartara, 2008az geroztik, LHko 589 beka banatu ditu adar industrialetan, eta horien % 10,35 neskentzat izan da, aurkeztu diren ia guztiek lortu dutelarik.
Petronorren, egun, 173 emakumek lan egiten dute enpresako hainbat sailetan. Ekoizpenean, 53 emakume daude, eta horietatik 3 administrariak dira, 28 operadoreak, 19 teknikariak eta 3 buruak. Petronorrek berdintasunaren eta lanbide-heziketaren balioak bultzatuz begiratzen dio etorkizunari, eta aurrerapausoak ematen jarraitzen du, emakumeek Findegian duten presentzia gero eta handiagoa izan dadin.