Petronorren Geldialdiak Bilboko Portuaren hazkundea moteldu du

Bilboko Portuak urtea %2ko hazkundearekin amaitzea aurreikusi du merkantzien trafikoari dagokionez, nahiz eta lehenengo seihilekoan % 1etik gorako jaitsiera izan duen Petronorren Geldialdi Teknikoaren eragin negatiboaren ondorioz, Bilboko Portu Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak adierazi duenez.

Urtarriletik ekainera bitarteko epean, Bilboko Portuak 17,6 milioi tona merkantzia mugitu ditu, bertako trafikoa eta hornidurak kontuan hartu gabe, eta kopuru hori 200.000 tona inguru txikiagoa da iazko epealdi berekoa baino. Horren arrazoia Muskizko findegian egindako bi geldialdiak dira, 1,6 milioi tona inguruko murrizketa eragin baitute, hazkundearen kaltetan. Egoerak eragindako gorabehera horiek gabe, portuko joan-etorriek %7tik gorako hazkundea izango zuketen. Seihilekoko jarduerari buruzko balantzea aurkeztean, Bilboko Portu Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak argi utzi du Petronor izan dela lehen seihilekoko “protagonista nagusietako bat”, instalazioak hobetzeko egin dituen bi geldialdi teknikoen harira.

Horren kariaz, Ricardo Barkalaren iritziz, findegiaren ohiko jarduera normaldu ondoren, bere horretan mantenduko da Bilboko Portuko merkantzien trafikoan aurtengo ekitaldia %2ko hazkundearekin amaitzeko helburua.