I. Bilbao Petronor Eko Rallya hasi da parte-hartzearen munduko errekorra hautsiz

Eko Rallyaren irteera.
Gaur arratsaldean abiatu da I. Bilbao Petronor Eko Rallya, parte-hartzearen munduko errekorra hautsiz. Lehenengo aldiz, era honetako proba batek energia berriztagarriak erabiltzen dituzten 47 ibilgailu bildu ditu, eraginkortasunaren inguruko parametroen arabera lehiatzeko prest, iaz Montecarlon jokatutako eko rallyko 41 ibilgailuen marka hobetuz. Berariaz nabarmentzekoa da ibilgailu elektrikoen parte-hartzea, 41 ibilgailu erregistratu baitira, Montecarloko proban parte hartu zuten 33 ibilgailuen aldean.

Asteburuan, parte hartzen duten ibilgailu guzti-guztiek 640 kilometro egin beharko dituzte, tarteka Euskadiko mugak zeharkatuz. Lehiaketa gaur 16:00etan hasi da eta iritsiera 20:00etarako aurreikusita dago. Larunbatean, proba 08:30ean abiatuko da berriz ere eta 23:00etarako bukatuko dela aurreikusi da; eta hirugarren eta azken etapa igandean jokatuko da, 09:30etik 13:30era bitartean.

Hiru etapek Areatza izango dute abiapuntu eta helmuga, eta bertan antolatzen ari diren jardueren artean, nabarmentzekoak dira egungo munduko txapela irabazi duen E Formulako ibilgailua ikusteko aukera, umeentzako karting elektrikoa edo Scalextric zirkuitu profesionala, besteak beste.

Eko rallya ibilgailuen eraginkortasuna baloratzea xede duen lehiaketa da. Gainera, birkarga ultra-azkarreko instalazioak erabili eta etaparik luzeena egun bakarrekoa duen mundu osoko lehenengo rallya izango da.

Eko rallya Energia Alternatiboen Espainiako Lehiaketarako eta munduko txapelketari atxikitako 14 proben artean kokatuta dagoen FIA e-Rally Regularity Cup-erako puntuagarria izango da.