DYAk bere desinfekzio-brigada abiarazi du lehen aldiz

COVID-19aren pandemia dela eta, DYAk bere desinfekzio-brigada jarri du abian estrainekoz. 22 lagunek osatua (DYAko 12 kide ofizial eta 10 bolondres), 18 orduz ari da lanean egunero, joan-etorri ugariko instalazio edo espazioak eta lan publikoa egiteko eraikinak desinfektatzeko zereginean. Zaharren egoitzak eta osasun-zentroak dira bere lehentasunak.

Taldea osatzen duten lagun guztiei formazioa ematen zaie kalera irten aurretik.  “Segurtasuna azpimarratzen dugu beti: BBEak (Banakako Babes Ekipoak) nola jarri, maskaren erabilera eta talde-lanarekin eta koordinazioarekin zerikusia duen guztia”,  dio Javier Ardanazek, erreskaterako Bizkaiko DYAren talde bereziaren arduradunak.

Ardanazek gehitzen duenez,  “unitateak oso babes garrantzitsua jaso du Petronorren aldetik, kutsatuta egon daitezkeen lekuak garbitzeko beharrezko likido guztiak ematen baitizkigu. Hasi garenetik, 3.000 litro likido inguru baliatu ditugu kanpokaldean eta 200 bat barrualdean. Itxaron-zerrenda daukagu desinfektatzeko”. Gainera, “ohiko joan-etorriak egiten ditugu anbulantzietan, kutsatutakoen joan-etorriak anbulantzia berezietan… Ezin dugu gelditu”,  dio.