Brufauk eta Imazek industriaren alde egin dute eta ‘Espainia berrindustrializatzeko’ ideak eman dituzte

Repsoleko presidente Antoni Brufauk eta konpainiaren kontseilari delegatu Josu Jon Imazek ‘Espainia berrindustrializatzeko ideiak’ deritzan iritzi artikulua plazaratzen dute gaur El País egunkarian. Covid-19ak eragindako krisiaren ondoriozko momentu kritikoan, industriaren garrantzia nabarmentzen dute etorkizuneko susperraldi ekonomikoari begira. Hala, diotenez “azken krisi finantzarioaren esperientziak gizarte industrialek enplegua mantentzeko duten sendotasun handiagoa islatu zuen”.

Biek adierazten dutenez soldatak handiagoak eta enpleguak iraunkorragoak dira industrian, eta ikerkuntzaren, berrikuntzaren eta teknologiaren motorra da. “Gainera, koronabirusaren krisiak argi utzi du oinarrizko hornikuntza industrialeko kateak behar direla honelako osasun krisiei aurre egiteko”, gehitu dute.

Brufauk eta Imazek zenbait neurriren alde egiten dute, Espainiako BPG industriala handitzeko lagungarri izan daitezkeenak. Horien artean aipatzen dituzte politika publikoen eta horien eragin industrialaren etengabeko analisia, hezkuntzako hitzarmen zabala, enpresariaren balorazio soziala edo-ta zergak modu guztiz progresiboan ordaintzea eta hori bateragarri egitea enpresek inbertitzeko, enplegua sortzeko, ikerkuntza eta berrikuntza garatzeko egiten duten ahalegina maila fiskalean aintzat hartzearekin.

Azkenik, premiaz I+Gko inbertsioa handitzea, azpiegitura energetikoak egitea, lehiakortasuna eta ingurumen mailako iraunkortasuna bateragarri egitea, gizarte-eragileen elkar ulertzea eta talentuaren aldeko apustua eskatzen dute.

Artikulua irakurri