María Josefa Huarteren Bilduma ikusgai Arte Ederren Museoan

Emiliano López Atxurra, erakusketaren aurkezpenean.
Bilboko Arte Ederren Museoak “gure kultura-inguruko bildumazaletasun pribatuko adibiderik adierazgarrienetakoa” bisitatzeko aukera ematen du bihartik urriaren 12ra bitartean, María Josefa Huarte bilduma. Horretarako, pinakotekak Nafarroako Unibertsitatea Museoaren laguntza eta Petronorren babesa dauka.

47 lanek osatua (horietako 41 Bilbon daude ikusgai), bilduman aipatzekoak dira Jorge Oteiza, Pablo Palazuelo eta Antoni Tàpiesen lan-multzoak. Horiekin, eta 19 artista batzeraino, Pablo Picasso, Mark Rothko, Vasili Kandinsky, Eduardo Chillida, Eusebio Sempere edo Manuel Millaresen gisako figura entzutetsuak daude.

María Josefa Huarte (1927-2015) Madrilen finkatutako nafar enpresarien familia garrantzitsu batean sortu zen eta bere mezenasgo artistikoak bere garaiko proposamen berritzaileenetakoak bultzatu zituen. Bildumak 50 eta 60 hamarkadetan arte espainiarra berritzen lagundu zuten proposamen estetikoetako batzuen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Bilduma 2008an eman zitzaion Nafarroako Unibertsitateari.

Arte Ederren Museoaren erakusketaren aurkezpenean, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak María Josefa Huartek XX mendeko euskal arteari egindako ekarpena nabarmendu du, “bera gabe Oteiza ez baitzen Oteiza berbera izango eta Chillida ez zen Chillida berbera izango”. “Artea ez da beti berez sortzen”, adierazi du presidenteak, “eta horregatik da hain garrantzitsua mezenasgoa”.