Petronorrek Euskaloperan parte hartzen du, euskarazko ondare lirikoa berreskuratzeko proiektuan

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Koral Elkarteak eta Petronorrek euren indarrak batu dituzte Euskalopera proiektuarekin euskal ondare lirikoaren berreskurapena bultzatzeko. Horrek eskuizkribuak argitaratzea eta diskoak grabatzea ekarriko du, Charles Colinen Maitenatik hasita. BOS (Bilboko Orkestra Sinfonikoa) atxiki zaio ekimen honi, baita inguruko artistak ere, hizkuntzaren eta generoaren estetikaren jakitun.

XX mende hasieran, Bilboko Koral Elkarteak zenbait enkargu egin zizkien euskal konpositore garrantzitsuei euskarazko errepertorio lirikoa osatu eta euskal opera nazionalaren abiapuntu izateko. Euskalopera proiektuarekin Maitena, Lide ta Ixidor eta Mirentxu lanak berreskuratu nahi dira, urtean lan bat. Berreskuratze lan hau bi fasetan egin nahi da, eskuizkribuen edizioarekin hasi eta Bilbo eta Euskadiko orkestren eskutik horien grabazio diskografikoarekin segida emanda.

Elías Unzueta, Petronor Innovación–eko gerenteak operak berton sustrai sakonak dituela adierazi du, eta gizartea trinkotzeko gaitasuna ere. “Zer hobe, beraz, berau euskaratik landu eta zabaltzea baino. Opera gurera ekartze hori garenarekin eta gure nortasun ikur nagusiarekin uztartzea urrats aberasgarria da, onespenaz gain bultzada merezi duena. Garai zailak dira hauek, koronabirusak astindutakoak. Arlo guztiak kolpatu ditu gaixotasunak eta kultura bereziki kaltebera izaten da honelakoetan, areago euskaraz bideratutakoa. Petronorri dagokionez, kulturaren aldeko bere ohiko konpromisoaren isla da, zailtasunen gainetik dagoena”.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela kultura ondarea berreskuratu eta zabaltzea erakundeen eta eragile pribatuen elkarlanari esker; Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak “ondare immateriala berreskuratzen eta artatzen lagunduko duen egitasmoa dela” esan du eta, azkenik, Bilboko Koral Elkartearen gerente Iñigo Alberdik Maitenaren apartekotasunaz ohartarazi du egitasmoaren abiapuntu modura.