Bilboko Koral Elkarteak Santurtzitik Bilbora zubitik zubira abestuko du

Ekimenaren kartela.
Bihar, irailak 19, larunbata, 19:00etatik aurrera, Bilboko Koral Elkarteak herri-kantak abestuko ditu, Xabi Aburuzagaren trikitiarekin batera, Santurtzitik Bilbora itsasadarrean barrena nabigatu bitartean.

Kontzertu ireki honek Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioaren babesa du. Jendeak itsasadarraren bi ertzetan zein itsasadarreko udalerrietako zubi esanguratsuetan gozatzeko pentsatua dago.

Koral Elkarteko hogeita hamar bat koralistek, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, eta Portugaleteko Xabi Aburruzaga trikiti-maisu zein euskal folklorearen enbaxadorearekin batera, Ibai Ederraren itsasontzian abestuko dute Mikel Laboaren Txoria txori, Txanton Piperriren azken himnoa, Uruñelaren  Maitia nun zira? ,  Juan Carlos Pérezen  Lau teilatu  eta mendeurrena betetzen duen Iparragirreren bi kanta:  Zibilak esan naute  eta  Gazte gaztetandikan.

Era berean, musika zeharkaldian honako gune esanguratsuetan egingo dituzte geldialdiak: Santurtziko portuan (19: 00etan), Bizkaia Zubian (19: 15ean), Euskaldunako Zubian (20: 00etan), Udaletxeko Zubian (20: 15ean) eta San Anton Zubian (20: 30ean).

Itsasadarrerako plana, ezohiko uda honen ilunabarrak itxiko dituena, baina lurraldea eta itsasadarra suspertuko dituena, barrutik kanporantz.