Petronorrek industria-ingurunearen garapenean duen trakzio-gaitasuna bultzatu du

Petronorren jarduerak eta partekatutako proiektu berriek eragin handia izan dute ekonomia-sarean. Aldaketa txiki batzuk gorabehera, eragin hori bere horretan mantendu da koiuntura ekonomikoen gainetik, izan ere, etengabe egokitzen ikasi du petrolioa fintzearen negozioaren eskakizun zorrotzetara.

Findegian barruko zein kanpoko 2.000 pertsona inguruk lan egiten dute egunero, eta horien jarduerak zeharkako beste 5.000 lanpostu sorrarazten ditu. Iaz, itsasontzi bidez hornitutako 68 milioi petrolio upel prozesatu zituen, eta horrela, Bilboko Portuaren bezero nagusia bilakatu da, guztizko trafikoaren % 39,94 bilduz (413 itsasontzik hainbat produktu inportatu eta esportatu zituzten). 2019an, 771 milioi euroko ekarpena egin zion Foru Ogasunari, guztizko zerga-bilketaren % 10 inguru, alegia. Gainera, iaz, 99 milioi euroko guztizko balioa duten 274 zerbitzu-kontratu sinatu zituen 170 enpresa esleipendunen mesedetan (Euskadiko 70 enpresa tarteko zirela), eta 784 hornitzaile (271 Euskadikoak ziren) 74 milioiko guztizko balioa duten 8.900 material-horniketa egiteaz arduratu ziren. Kopuru horiek guztiek argi utzi dute Petronorrek enpresa trakziogile bezala duen garrantzia.

Hala ere, Petronorren enpresa laguntzaile bezala lan egiteko, nahitaezkoa da aldez aurreko iragazki batzuk gainditzea. “Guk ez ditugu pertsonak kontratatzen, lanak gauzatzeaz arduratzen diren egitura sendoko enpresak baizik”,  zehaztu du Pedro Boyra Fidagarritasun eta Mantentze arloko zuzendariak. Enpresa horiek guztiek hornitzaile homologatuaren kalifikazioa lortu behar dute, eta horretarako, segurtasun-protokolo zorrotza bete eta egitura sendoa izan behar dute kalitateari, ingurumen-inpaktuaren kontrolari, langileen kudeaketari eta abarri dagokienez, finantza-egoera onbideratua izateaz gain.

Bestalde, Bilboko Portuan hidrogeno berdetik abiatuta erregai sintetikoak ekoizteko eraikiko den instalazioa aukera paregabea izan daiteke balio-kate berriak garatzeko. “Hidrogenoaren euskal korridorea gaitasun teknologikoak garatzeko aukera aparta da”,  adierazi du Boyrak, eta horrekin batera nabarmendu du hainbat enpresa eta zentro teknologikoren proiektuak biltzen ari direla  “eta, apurka-apurka, epe ertainean ekoizpen-egitura suspertzen nabarmen lagun dezakeen proiektu integrala taxutzen ari gara”.

El Correoko orrialdea, hemen.