Petronorrek lau urte bete ditu Tecnaliako presidentetza karguan

Alex Belaustegi eta Emiliano Lopez Atxurra.
Tecnaliako patronatuak Alex Belaustegi erakundearen presidente izendatzea onartu du gaur. Belaustegik, orain arte presidenteordea izandakoak, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentea ordezkatuko du, korporazio teknologikoaren buru lau urtez izan ostean.

Alex Belaustegi Ingeteameko kontseilariak eta garapen korporatiboko zuzendariak adierazi duenez,  “momentua da gure enpresen arazoei Tecnaliatik konponbidea emateko eta, inoiz baino gehiago, I+G+Bko inbertsioa palanka gisa erabiltzen jarraitzeko, modu iraunkorrean gure gizartearen BPGren hazkundean bihurtzeko”.

Lopez Atxurrak, bere aldetik, eskerrak emateko idatzia bidali die guztiei,  “bikaintasun teknologikoan aurrera egiten”  jarraitzera animatuz eta Tecnaliari bere babesa mantenduz,  “Espainiako ekosistema teknologikoan erreferentziazko zentroa izan dadin, Europar Batasunaren barruan”.