Euskadi, trantsizio energetikoarekin konprometituta

Antonio Brufau gaur goizean.
Antonio Brufau Repsoleko presidentearen esanetan, “trantsizio energetikoak bidezkoa, eraginkorra eta adimenduna izan behar du”;  halaxe adierazi du gaur, Deusto Business Schoolek eta Repsol Fundazioak antolatutako ‘Trantsizio energetiko eta urbanoa. Mugikortasun iraunkor eta adimenduna’ zikloaren lehenengo jardunaldian.

Ildo horretan, Euskadi lurralde aitzindaria da teknologia nahiz industria arloetan, eta 4.0 Industriako ekosistema ez ezik, trantsizio energetikoaren aldeko prozesuarekin konprometituta dagoen autonomia-erkidego ere bihurtu da. Hiriburu ekonomikoa, Bilbo, hiri-aldaketa eta eraldaketaren erreferente bilakatu da, estatuan zein nazioartean.

Trantsizio energetikoaren helburu nagusia, ekonomiaren, ingurumenaren nahiz gizartearen ikuspegitik iraunkorra den energia-sistema egituratzea da, batez ere energia berriztagarrien eta bestelako garapen teknologikoen bitartez.

Horren kariaz, Antonio Brufauk gogoratu du  “trantsizio adimendun eta bidezko baterantz jo behar dugula, eraginkortasun-maila handia eskaintzen duten hidrogenoa bezalako energia-iturririk onenak kontuan hartuz”.  

COVID-19aren pandemiak gure arreta industria-eredu berrietan jartzeko beharra argitzen lagundu du. Hartara, mugikortasuna, alderdi iraunkor eta adimendunen ikuspegitik, giltzarrizko sektorea da, energiaren iraunkortasuna, garapen teknologikoa eta indar industriala uztartzen dituen heinean.

Brufaurekin batera izan dira Teresa Ribera ministroa, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jose Maria Guibert errektorea, XXI. mendeko gizartearen parametroetan txertatutako mugikortasunaren ikuspegiari buruzko hainbat gako eztabaidatu eta adostea xede zuen hitzaldi-ziklo berri honen inaugurazioan.