Adostasuna nagusi energia-aukeren osagarritasunaz eta araugintza arloko segurtasunaren premiaz AOPen Ekoerregaiei buruzko I. Jardunaldian

Petrolio-Produktuen Operadoreen Espainiako Elkarteak (AOP) atzo egindako Ekoerregaiei buruzko I. Jardunaldiaren buruan, adostasuna nagusitu zen energia-aukeren osagarritasunaren inguruan, CO2 isurpenak murrizteko helburuari begira, baita erregulazio arloko segurtasunaren premiaz ere, ekoizpen-sektoreek deskarbonizaziorako behar dituzten inbertsioei heltzeko aukera izan dezaten.  

AOPk Ekoerregaien aldeko Bilakaerarako Estrategiaren aurkezpenaren urteurrenarekin bat eginik antolatu zuen jardunaldi hau. Ekitaldian Repsolen bp eta Eni proiektuen Espainia eta Europa mailako aurkezpena egin eta garraioa, industria petrokimikoa, nekazaritzako elikagaigintza eta beste zenbait sektoreren premiak aztertu ziren.

Inaugurazio mahaian, Galo Gutierrez Industria eta ETEetako zuzendari nagusiak eta Manuel Garcia Energia eta Meatzaritza Politikako zuzendari nagusiak ekoerregaien garrantzia nabarmendu zuten elektrifikazioa osatzeko nahiz industria garatzeko.

Andreu Puñet AOPeko zuzendari nagusi eta Petronorreko kontseilari ordezkari ohiak “Garapen iraunkorra eta sektore lehiakorrak” izenburuko mahai-inguruan parte hartu eta fintzearen industrian dauden araugintza arloko premiak nabarmendu zituen:  “Adostasunezko arau-esparrua behar dugu, baina ez bakarrik 2050era begira pentsatuta dagoen legeriarekin. Arau-esparru honek aintzakotzat hartu behar ditu epe laburra eta luzea, isurketak murrizten lagun dezaketen sektore guztiak barne hartuz”.

Puñetekin batera parte hartu zuten mahai horretan nekazaritzako elikagaigintzaren eta industria petrokimikoaren sektoreetako bozeramaileek, baita garraioaren eta mundu akademikoaren ordezkariek ere. Guzti-guztiek erregulazioaren arloko segurtasuna eta neutraltasun teknologikoaren printzipioekiko errespetua eskatu zuten teknologiaren bilakaera askea errazteko, eta horrenbestez, atea irekita utzi zioten ekoizpen-sektoreetan gara daitekeen edozein alternatiba teknologikori.

Bestalde, Luis Aires AOPeko eta bp Espainiako presidenteak jardunaldiaren hiru ondorio nagusi aipatu zituen ekitaldiaren itxieran:  “Lehenik eta behin, sektorearen inflexio-puntu batean gaude, zero isurpen garbi duen industria bihurtzeko bidean. Bigarrenik, ekoerregaien aldeko bilakaera proiektu zehatzetan gauzatzen ari da dagoeneko. Eta hirugarrenik, pizgarriak ez dira aski milioi kopuru handiko inbertsioak erakartzeko, araugintza arloko konfiantza ere sortu behar da”.