Bestalde, funtsak banatzerakoan Europako Batzordearen “gardentasuna” azpimarratu du eta honek babesten dituen proiektuen oinarriak aletu ditu: gizartearen kohesioa bultzatzea eta ekonomia berrira begirako azpiegiturak sendotzea, batik bat. López Atxurrak argi utzi du Petronorrek hidrogenoaren Bilboko portuko planta egitea ez dagoela “inola ere” Europako funtsetara baldintzatuta, baina etorkizuneko proiektuei begirako finantza-baliabideak eskaintzen badira, “gure konpetentzia diren herrialdeek bezala”, horietara moldatzea defendatu du. “Gero Europako Batzordeak erabakiko du proiektua sendoa den ala ez, berea izango da azken hitza”, erantsi du.
López Atxurraren irudiko, Covid-aren pandemiak Europaren lehiakortasun mailako ahuleziak jarri ditu agerian eta horrek eragindako krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da politika industrialari dagokion garrantzia ematea, “sendotasun teknologiko-industriala” lortzea trantsizio energetikoa horri lotuta, hain zuzen.