Hidrogenoaren Petronorren egitasmoan ari diren 52 enpresen artean ETEek duten garrantzia azpimarratu du López Atxurrak

Emiliano López Atxurra Euskadi Irratian.
Emiliano López Atxurrak gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, Petronorrek duen hidrogenoaren proiektua “52 enpresarekin lotuta dago eta ETEak (Enpresa Txiki eta Ertainak) barruan daude”.  Bere aburuz, azken hauei “asko lagundu behar zaie klabeak direlako industriaren eta teknologiaren katean eta horiek gabe ez delako mundu industrialik existitzen”.  Hala, Petronorreko presidenteak bertoko “ETEen sare sendo bat osatzea”  defendatu du  “horien kapitalizazio teknologikoa eta finantzieroa lortze aldera”.

Bestalde, funtsak banatzerakoan Europako Batzordearen “gardentasuna”  azpimarratu du eta honek babesten dituen proiektuen oinarriak aletu ditu: gizartearen kohesioa bultzatzea eta ekonomia berrira begirako azpiegiturak sendotzea, batik bat. López Atxurrak argi utzi du Petronorrek hidrogenoaren Bilboko portuko planta egitea ez dagoela “inola ere”  Europako funtsetara baldintzatuta, baina etorkizuneko proiektuei begirako finantza-baliabideak eskaintzen badira, “gure konpetentzia diren herrialdeek bezala”,  horietara moldatzea defendatu du. “Gero Europako Batzordeak erabakiko du proiektua sendoa den ala ez, berea izango da azken hitza”,  erantsi du.

López Atxurraren irudiko, Covid-aren pandemiak Europaren lehiakortasun mailako ahuleziak jarri ditu agerian eta horrek eragindako krisiari aurre egiteko ezinbestekoa da politika industrialari dagokion garrantzia ematea, “sendotasun teknologiko-industriala”  lortzea trantsizio energetikoa horri lotuta, hain zuzen.