Josu Jon Imaz: “Errekuntzako motorra konponbidearen zatia da”

Josu Jon Imaz, gaur, gas-hornitegiaren inaugurazioan, Arantxa Tapia eta Josu Bergararekin batera.
“Errekuntzako motorra konponbidearen zati da”,  esan du gaur Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak Sestaoko Galindo zerbitzugunean, GNCren etengabeko horniketa egiten duen Bizkaiko lehenengo gas-hornitegiaren inaugurazioan.

Galindoko instalazioak Gas Natural Konprimitua (GNC) hornitzen die autoei, furgonetei, autobusei zein zerbitzuetako kamioiei, eta 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da bertan, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) mugikortasun eraginkorra sustatzeko abian duen laguntza-programaren bidez. Repsolen eta Nortegasen arteko aliantza estrategikoaren haritik sortua, ibilgailuentzako gas naturalaz hornitzeko sarea jarriko du erabiltzaileen eskura Repsol Taldearen zerbitzuguneetan, bereziki Euskadin, Kantabrian eta Asturiasen.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia, Sestaoko alkate Josu Bergara, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imaz eta Nortegaseko kontseilari ordezkari Javier Contreras, Galindoko Zerbitzuguneko zuzendari nagusi Nuria Lekuerekin batera.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak azaldu duenez, Repsolek urteak daramatza eraldaketan murgilduta, konpainia multienergetikoa bihurtu eta 2050ean zero isurpen garbi dituen enpresa izateko xedez, eta egun, asmo handiko helburu hori betetzeko konpromisoa hartu duen sektoreko lehenengo enpresa da egun. Gainera, zera adierazi du:  “Energiaren eta mugikortasunaren inguruko zerbitzu guztiak eskaintzen ditugu erabiltzaile bakoitzaren beharrak asetzeko. Aurrera egiten jarraitu behar dugu, betiere bezeroa erdigunean dugula, mugikortasunaren arloko soluzio guzti-guztietan “.